Euskal Herrira ekarritako 'OdiSeA' aurkeztuko du Pantxis Bidartek, bihar, Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 13a, 14:35

Kontzertu-errezitaldi poetikoa 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izanen da, aurretik gonbidapena hartuta.

Iruñeko Udala eta Nafar Ateneoa berriro aritu dira elkarlanean euskarazko kultur jarduerak antolatzeko. Kontzertu-errezitaldi poetikoa, bihar izanen da, Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoan, Pantxit Bidart musikariaren eskutik, zeinak bere lehen bakarkako proiektua, OdiSeA, aurkeztuko baitu. Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da, gonbidapena hartuta, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik. 

Errezitaldian Bidartek Homeroren klasikoaren berrinterpretazio garaikidea proposatuko du, literatura, musika eta poesia uztartuta. Nork bere heroiak sortuz, bere gorabeherak kontatuz eta Ulisesenak bere eginez sortzen ahal duen kontakizuna da OdiSeA. Haren seme Telemacok bezala, beti aitari jarraitzen diogu, beti aitaren etxea defendatzen saiatzen gara. Eta kontakizun honetan zein da amaren lekua? Bidartek zalantzatan jartzen ditu errezitaldian gai horiek eta beste batzuk ere bai, hala nola historiaren heroia nor den, Ulises ala Penélope. Bidartek Homerok egindako biltze-lana egiten du eta besteen olerkiak eta bere interpretazioak tartekatzen ditu, besteen ahotsak eta berea nahastuz eta antzinako hitzak eta egungoak uztartuz, berea den Odisea osatzeko. 

Pantxit Bidart (Hazparne, 1971) abeslari eta musikaria da. 80ko hamarkadaren amaieran hasi zuen ibilbidea rockan, eta, besteak beste, Mister Saguak, Txingoma II eta Buzz de Culasse taldeetan izan zen kide. Elaudi folk-taldea ere sortu zuen, eta, esaterako, Koldo Ameztoi, Itxaro Borda, Maddi Oihenart eta François Rossé artistekin aritu da. Bidart BBAX taldearen kidea da, Marie Bidart, Mirentxu Agerre eta Paxkal Indo artistekin, eta ELEBI bikotea osatzen du Thierry Carrère-rekin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!