Iruñeko Udalak eta Ilundáin fundazioak 150 habia-kutxa baino gehiago jarri dituzte hirian

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 9a, 13:48

Lehen hurbilketan, Aterpeak proiektuaren kutxetatik 101ek dituzte okupazio-aztarnak, gehienak kaskabeltzenak eta amilotxenak.

Iruñeko Udalak, Ilundain Haritz Berri fundazioaren Aterpeak proiektukoekin batera, 156 habia-kutxa jarri ditu hirian hainbat hegazti motarentzat. Habia-kutxa gehienak (122) 2018 – 2019ko ikasturtean kokatu ziren zazpi ikastetxerekin elkarlanean: Liceo Monjardín ikastetxea, San Frantzisko IP, Biurdana BHI, Claret-Larraona, Doña Mayor HLHIP, Iturrama BHI eta San Jorge HLHIP. Proiektuaren atal honetan, lehentasunez kaskabeltz eta amilotxentzat bideratuta (Parus major eta Cyanistes caeruleus, hurrenez hurren), 4 eta 16 urte bitarteko 678 ikaslek hartu dute parte.

Baina, gainera, Aterpeak proiektuko teknikariak beste osagai batzuk jartzeaz arduratu dira, izan ere, apo-hontz europarrendako (Otus Scops) habia-kutxak eta belatz gorriendako (Falco tinnunculus) euskarriak jarri dituzte Argaren ibaiertzetan zein hiriko hainbat parketan.

Jarduera hauek lankidetza-hitzarmen baten barruan daude, zeina bi entitateek sinatu baitzuten, Iruñeko hegazti-populazioaren diagnostiko bat egiteko, hiriko biodibertsitatea sustatu eta mantentze aldera. Halaber, proiektuaren bidez, hiriko hegaztiei buruzko hedapena eta sentsibilizazioa egin nahi da ikasleen artean, ingurua haiekin partekatzen baitute.

Zaurgarritasun-egoeran dauden gazteei laneratzen laguntzea da Aterpeak proiektuaren hirugarren ardatza, Ilundáin fundazioak bultzatua eta Nafarroako Gobernuak zein Nafarroako Kutxa fundazioaren eta La Caixa Gizarte Ekintzaren Innov@social programak finantzatua. Gaur gaurkoz, proiektuari esker, bost gazte (3 gizon eta 2 emakume) kontratatu ahal izan dira, zurgin-lanetarako, eta 2021 arte guztira 18 lan-kontratu aurreikusi dira.

Emaitzak dituen sentsibilizazio-proiektua

Hiriko zazpi ikastetxe publikoetako ia 690 ikaslek, Lehen Hezkuntzatik Batxillergora, parte hartu dute Aterpeak proiektuaren barruan egindako ingurumen-hezkuntzako jardueretan. Udazkenean, helduenek habia-kutxak eraiki zituzten eta inguruko parkeetako zuhaitzetan jarri; kasu batzuetan, ikastetxeetako barrutian bertan. Aldez aurretik ikasleek eremuko hegazti eta beste animaliei buruzko azalpenak jasotzen zituzten, proiektuko teknikarien eskutik.

Berritasun gisa, estimulazio sentsorial anitzeko lantegiak ere egin dira Haur Hezkuntzako ikasleekin (3 urtetik beherakoak), haurrengan hegaztien munduaren inguruko ikusmina ernatzeko, zentzumenak, batez ere ukimena eta ikusmena, erabiliz. Aurreikusitakoaren arabera, udaberrian (apiriletik maiatzera) bigarren jarduera-sorta eginen da, habia-kutxen okupazioa ikuskatze aldera, jarritako 122 kutxetatik jada 89 ikuskatu ziren arren, 2019ko udazkenean jarri baitziren. Emaitzek hasiera batean esperotakoa gainditu dute; izan ere, kutxen % 54 okupatu dira.

Ikastetxeetatik zetozen habia-kutxa gehienak parido-familiarendako (kaskabeltz eta amilotxendako) tamainaz eta sarrera-diametroaz diseinatu ziren; horrez gain, txantxangorri europarrarentzat (Erithacus rubecula) eta buztanikararentzat (Motacilla alba) lau habia-kutxa jarri dira, eta gerri-txori arruntarentzat (Certhia Brachydactyla), bi.

Biztanleak dituzten habietatik 9 (% 18,75) kaskabeltzen eta amilotxenak dira; eta bertan hazkuntza-fase guztiak aurkitu dira, txitaldiko arrautzak eta txitak barne. Eraikitzen ari ziren beste 9 kutxetan (% 18,75) baita beste 5 kutxatan ere (% 10,42) landare-hondakinak aurkitu dira. Habia-kutxak hegaztiek hazteko lekua ez ezik, babesleku ere badira, non hegaztiek gaua igarotzen baitute edo eguraldi txarretatik babesten baitira. Egoera hori 7 kutxetan (% 14,58) ikusi da; agerian dago gorotzak edo lumak zeudelako. Beste animalia batzuk, adibidez, dermapteroak (ipurtsardeek), armiarmak eta liztorrak baliatu dira habia-kutxez, eta 18 kutxa erabili dituzte, % 37,5.

Apo-hontzak eta belatzak

Horrez gain, epe honetan, bai Argaren ibaiertzetan, bai hiriko parkeetan, apo-hontzarentzat 30 habia-kutxa jarri dira, eta belatzentzat, 4 euskarri. 30 habia-kutxa horietatik 12 (% 40) lehen urte honetan okupatu dituzte, kaskabeltzek eta amilotxek, baina. Egoera hori nahiko arrunta bilakatu da, eta seinale ona omen da, teknikarien arabera; izan ere, horrela gerora apo-hontzaren okupazioa errazten da, paridoen habiak koltxoi bezala erabiltzen ahal direlako.

Belatz gorriari dagokionez, gaurdaino 4 euskarri jarri dira, Arantzadin, Ezkaban, Donapean eta Taconeran. Azpiegitura horiei buruzko erabilpen-daturik ez dago oraindik; zutoin bat eta dagokion habia-kutxa dauzkate, eta hegaztiek lurraldeari ongi behatzeko moduan kokatzen dira beti. Hirian habia-kutxa gehiago jartzea aurreikusi da aurten beste hitzarmen bat sinatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!