Bihar, abenduak 17, asteartearekin, Idurre Eskisabel EHUko irakaslea eta Reyes Ilintxeta Euskalerria irratiko kazetaria elkartuko dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egoitzan (Navarrería k., 39). Egun hizkuntza eta generoaren gainean dagoen gogoeta teoriatik praktikara eramateko jardunaz mintzatuko dira, eta bertaratzen direnekin batera eztabaidatuko dute emakumeek euskararen transmisioan duten egitekoari buruz, baita generoaren eraikuntzak hizkuntza hauteman eta erabiltzerakoan duen garrantziaz ere.
Jarduera hori Euskararen Nazioarteko Egunaren kariaz Iruñeko Udalak Iruñean Emakumeak Izendatu taldearen bultzadaz antolatu duen Hemen baditun 14 programaren barruan dago.
Idurre Eskisabel unibertsitateko irakaslea da, feminista, eta Trikua esnatu da saiakera argitaratu du berriki, Lorea Agirrerekin, non jarduera honetan proposatutako gaiari heltzen baitiote, generoari eta euskarari, hain zuzen. Reyes Ilintxeta Kazetaritzan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, Euskalerria Irratian aritzen da eta Diario de Noticiaseko zutabegilea da.
Biharko jarduera hau Hemen baditun 14 programaren barruko azken jarduera izanen da; alabaina, ostiralera arte bisitatzen ahalko da, Kondestable Civivoxean (Kale Nagusia, 2), izen bereko erakusketa, XX. mendean euskararen alde lanean aritu ziren 14 emakumeri omenaldia egiten diena. 2020ko urtarrilean Emakumeen Etxera eramanen dute erakusketa.
Erakusketak profil pertsonal eta profesional ezberdineko hamalau emakume bildu ditu, euskararen sustapenaren zein normalizazioaren alde zenbait esparrutan egin zuten lanagatik, hala nola irakaskuntzan eta ikerkuntzan, musikagintzan, kazetaritzan, idazkuntzan eta eta bertsolaritzan, zinemagintzan, administrazioan, merkataritzan edota hizkuntzaren beraren memoria eta testigantza iraunarazten, bai arlo pribatuan bai publikoan. Honatx haien izenak: Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikaela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana María Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Aleman.