Iruñeko Udalak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, haurrendako euskarazko album irudidunen Etxepare sariaren laguntzaz, laugarren urtez antolatu dute Biko-teka ilustrazio- eta narrazio-lantegia. Lantegi horren bidez euskarazko liburu irudidunak sortzea bultzatu nahi da. Urtarrilaren 27tik 31ra gauzatuko da eta izen-ematea galtzagorri@galtzagorri.eus helbidean egin daiteke, abenduaren 20a arte.
Narrazio-atalean interesa dutenek idazlan laburra aurkeztu behar dute, orri batekoa gehienez. Ilustrazio-atalean parte hartu nahi dutenek, berriz, hiru ilustrazio aurkeztu behar dituzte. Banaka edo bikoteka eman daiteke izena. Bikoteka aurkezteko, idazlanari eta ilustrazioei dagozkien aurreko betebeharrez gain, proiektuaren zirriborroa aurkeztu beharko da. Materialarekin batera curriculuma eta NANaren fotokopia aurkeztuko dira. Aurkeztutako eskaeren artean egile berriak lehenetsiko dira.
Bakarka aurkezten direnei Galtzagorri Elkarteak berak aurkituko die lantegian aritzeko bikotekidea, gainontzeko hautagaien artean. Gehienez, zortzi bikote hautatuko dira; eta hauek prestakuntza-lantegian parte hartzeko beka bat jasoko dute. Horrela, ekimenaren beste helburuetako bat erdietsiko da: irudigileek eta idazleek elkar ezagutzea eta liburu grafikoa taldean sortzeko lan-dinamikak ikastea.
Lantegi trinkoa da, lau egunekoa, guztira 37 prestakuntza-orduz. Yolanda Arrieta idazlearen Aitziber Alonso ilustratzailearen eskutik. Parte-hartzaileek album irudidun bat sortzeko faseak landuko dituzte, hots: ideia pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta irudiztatu.