Oskar Alegriaren Zumiriki filmak zabalduko du aurtengo Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia. Hamalaugarren aldia du aurtengoa, eta martxoaren 2tik 7ra egingo dute. Ggaur jakitera eman dituzte lehenbiziko xehetasunak.
Garbiñe Ortega zuzendari artistikoa “pozik” agertu da Alegriaren lanaren estreinaldia Ikuspuntu jaialdian izateagatik, besteak beste, zinemagilea jaialdiaren aurreko zuzendari artistikoa izan zelako. “Oso saio berezia izango da”, adierazi du.
Beti bezala, jaialdiak zazpi atal izango ditu: Sail Ofiziala, Atzera Begirakoak, Dokbizia, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak eta Heziketa Programa, eta kontzeptu batek, ideia batek, zeharkatuko ditu horiek guztiak: itsasoak.
Itsasoarekin lotuta egongo da, hain zuzen, historiari lotutako atzera begirakoa. Erika Balsom britainiarraren An Oceanic Feelling saiakeratik abiatuta, zinemaren historian itsasoak izan duen tokia aztertuko dute atal horretan, sei filmen bitartez.
Beste atzera begirakoa, garaikidea, bost emakume zinemagileri eskainiko diete: Ute Aurand, Renate Sami eta Helga Fanderl alemaniarrei eta Jeannete Muñoz txiletarrari. Haien filmen ziklo batez gain, liburu bate ere argitaratuko dute. Garbiñe Ortega eta jaialdiko kuradore Maria Palaciosek editatu dute, eta hainbat zinemagile, idazle eta akademikoen idatziak jaso dituzte.
Ospakizun batekin ere dator aurtengo Ikuspuntu jaialdia, X Films proiektuaren hamargarren urteurrena baita aurten. Hori dela eta, egitasmo hori irabazi duten pelikula guztiak proiektatuko dituzte, eta horrekin batera, iazko edizioa irabazi zuena ere aurkeztuko dute: Maddi Barber nafarraren Rojo izeneko lana.
Jaialdiaren irudia ere itsasoarekin lotuta dago. Dani Sanchisek egin du beste behin, eta ozeanoaren ideian oinarrituz, hiru kartel sortu ditu.