"Eskubide guztiak, pertsona guztientzat" aldarrikatuko dituzte Migrazioen eta Giza Eskubideen astean

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 9a, 19:57

Abenduaren 9tik 18ra luzatuko dira jarduerak. Bihar 71 urte beteko dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala sinatu zenetik. Urraketak gero eta nabariagoak direla salatu dute antolatzaileek.

Giza eskubideen alorrean egiteko asko dagoela gogorarazi dute gaur Amnistia Internazionala, Sos Arrazakeria, Iruñea Harrera Hiria, Ipes Fundazioa, Munduko Medikuak, Oxfam Intermon eta Paperak Denontzat taldeek. Zerrenda luzea aurkeztu dute: "Kontinente ezberdinetan herri askok pairatzen dituzten gerrak, munduan ematen den ezberdintasun ekonomiko eta soziala, populazioaren %1ak beste guztiok baino diru gehiago metatzen duela eta, klima aldaketa, diktadurak eta askatasun falta direla eta, familia asko eta asko beste leku seguru eta egonkorragoaren bila abiatzen dira". Arazo horiek direla eta, ACNUR erakundearen arabera 70,8 milioi pertsonatik gora bizi dira beren etxeetatik kanpo. 

Mugen kultura eta gizarte-bazterkeria giza eskubideen kulturaren gainetik ez egoteko xedez, Migrazioen eta Giza Eskubideen XV. Astea antolatu dute. Antzezlanak, dokumental emanaldiak, hitzaldiak eta erakusketak izanen dira. Gaur aurkeztu dute egitaraua prentsaurrekoan. 

Imagen

Migratzea delitu ez dela gogoraraziz, helmuga diren herrialdeek egiten dituzten "delituak" arbuiatu dituzte: "Delitua da Hegoaldeko herrialdeak arpilatzea, haien aberastasunak espoliatzea, multinazionalei haien baliabideak garbitzeko bidea urratzea… eta gero gure mugak ixtea. Delitua da hesiak eraikitzea eta ezikusiarena egitea, milaka pertsonek haien herrialdeetatik ihes egin izanaren arrazoia gure errealitatearekin, gure sistema kapitalista eta patriarkalarekin zerikusirik ez balu bezala. Delitua da bonbardatzea, eta gero, gerratik ihesi Europara etor daitezkeen pertsonen kupoa ezartzea".

Espainiako atzerritarren legeak pertsonak jatorriaren arbaera kategorizatu eta "diskriminatzen" dituela salatu dute. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, hauek dira mugatzen zaizkien eskubideetako batzuk:

  • Kode penalaren erreforma "Biztanle atzerritarren diskriminazioa ahalbidetzen du. Erreforma honen ondorioak oso gogorrak dira, delitu larriak ez diren batzuei, mehatxuak, kalumniak edo alkoholemia esaterako, urte bat baino gehiagoko kartzela-zigorra jar daitekeelako".
  • Erberteratzeak "Ceuta edo Melillako hesiak gurutzatu dituzten pertsonak, lurralde espainolean atxilotuak direnean, hesiaren beste aldera bueltatzea legez kontrakoa da eta gainera ilegala. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu egin du 2017ko urrian etorkinak 'beroan' itzultzeagatik". 
  • Pertsonen atzerritarren zentroak "Zuzenbidezko estatuaren benetako zuloak dira, bertan Giza Eskubideen urraketa masiboa ematen baita. Bertan askatasuna 60 egunetara arte kentzen diete inongo deliturik egin ez duten pertsonen egozpena errazteko. Jada Gobernuak erreformak iragarri ditu, baina erantzun bakarra bere behin betiko itxieragatik pasatzen dela dakigu".
  • Osasun eskubidea "Nahiz eta haiek bertako bezala baimenduta ez egon, uztailaren 20ko 7/2018 Errege-Dekretu-Legeak eskubide hau pertsona guztientzat aitortzen du. Baina bere eraginkortasuna oraingoz ondorioztatu ez dituzten baldintzak beteak izateko baldintzatuta geratzen da, eta Nafarroan 4.000 pertsona itxaronaldi egoeran daude.
  • Bozkatzeko eskubidea "Nafarroan adin nagusiko 45.000 pertsonak Estatuko eta Nafarroako hauteskundeetan bozka emateko eta hautatua izateko baztertuak daude, ez bada estatuen arteko elkarrekikotasuna. Udal-hauteskundeetan hemeretzi mila etorkinek ezin dute parte hartu".
  • Oinarrizko errenta "Egoera administratiboa irregularra duten 18 urte baino gehiago eta 25 urte baino gutxiago duten atzerritarrei ukatzen zaie, eta gainera 2 urte erroldatuak egotea eskatzen zaie".
  • Gorroto delituak "Intolerantziaren kontrako Mugimenduaren informean jasotako datuen arabera, joan den urtean Nafarroan  gertatutako 19 delituetatik gehienak arrazakeriak eta xenofobiak eragindakoak dira".
  • Etxebizitza "Pisua alokatzeko muturreko zailtasuna izatea pobre edota kolore ezberdina izateagatik onartezina da". 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!