Oinezkoen pasabideetan autismoa dutenei zuzendutako piktogramak jartzeagatik saritu dute Iruñea

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 2a, 13:06

Saria Desgaitasuna duten Pertsonen Elkarteen Almeriako Federazioak eman dio Iruñeko Udalari.

Joan den astean, Almerian, Iruñeko Udalak FAAM Oro Accesibilidad Universal saria jaso zuen; saria Desgaitasuna duten Pertsonen Elkarteen Almeriako Federazioak eman zuen, oinezkoen pasabide semaforodunak autismoa duten adingabeei zuzendutako piktogramez seinaleztatzeagatik. Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak jaso zuen saria, Almeriako Unibertsitateko ospakizun-aretoan izan zen ospakizunean.

Sari hauek aintzatetsi nahi dituzte desgaitasunen bat dutenak gizarteratzeko sustapena eman duten pertsona, erakunde eta enpresek, nork bere esparruan, egindako lana eta apustua. Iruñeko Udala ez ezik, Desgaitasuna duten Pertsonen Elkarteen Almeriako Federazioak honako hauek ere saritu ditu: Manresako AMPANS fundazioa (Katalunia), Juegaterapia fundazioa, Jesús Vidal aktorea, Juliana Martins Da Rosa zientzialari eta ikerlaria, Rocío Amores kazetaria eta AVOI (haurrendako boluntario onkologikoen elkartea), besteak beste. 

Oinezkoen pasabide semaforodunetan piktogramak jartzea ekimen aitzindaria izan zen, Nafarroako Autismo Elkarteak Udalari helarazia. Piktogramak marrazki soilaz harago doaz; izan ere, semaforoaren aukera gorri-berdeak gizarte-istorio baten bidez eta deskribapenean beste osagai batzuk ere erabiliz azaltzen baitira. Paratutako piktogramak oinezkoen pasabide semaforodunean gerta daitezkeen bi egoerak irudikatzen ditu. Marrazki gorriak, non pertsona bat agertzen baita gurutze batez zirrimarratutako oinezkoen bidearen ondoan, aditzera ematen du ezin dela gurutzatu.

FAAM sarien epaimahaiak proiektuaren bulkada nabarmendu du, “adimen-desgaitasunen bat edo autismo-motako nahasmenduren bat dutenek semaforoetako argi-seinaleak egokiro ulertzea ahalbidetzen duena”. Piktogramak ARASAAC-ek (Komunikazio Handigarri eta Alternatiboko Aragoiko Atariak) diseinatu zituen, eta psikologoekin eta autismoa duten haurrekin probatu ziren haien eraginkortasuna eta ulergarritasuna egiaztatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!