Hiru proposamen oinarri, Iruñeko udalak erabakiko du Sarasate pasealekuaren diseinu berria

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 28a, 19:31

Sarasate pasealekua birmoldatzeko ideia lehiaketa egin du udalak. Epaimahaiak hiru proiektu aukeratu ditu eta jendaurrean erakutsiko dituzte.

"Udalak aukeratuko du irabazlea edo proiektu-nahasketa bat". Argi hitz egin du gaur Fermin Alonso, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi delegatuak: "Ez da bozketarik egongo eredu bat aukeratzeko". Sarasate pasealekua aldatzeko ideia lehiaketa egin du udalak, hiru proposamen aukeratu ditu epaimahaiak, eta jendaurrean ezarriko dituzte iradokizunak jasotzeko. Alonsok ziurtatu du gainerako taldeekin adostasuna bilatuko dela, baina zehaztu du, gobernu taldeak azken hitza izango duela.

Aukeratutakoak abenduaren 2tik 13ra ikusi ahal izango dira Kondestableko Jauregian. Toki horretan kutxa batzuk jarriko dira ekarpenak egiteko, eta posta elektronikoaren bidez ere egin daitezke: proyectos@pamplona.es.

Prozesuan jasotakoa laburpen-dokumentu batean jasoko da. Ondoren, proposamen bakoitzak oinarrizko proiektu bat garatzeko hilabete izanen du. Ondoren hartuko du erabakia Iruñeko Udalak.

16tik 3 aukeratu ditu epaimahaiak

Aukeratutako hiru proiektuek ‘Oinkatzen’ ‘Zip!!’ eta ‘Hiru plaza dituen pasealekua’, eta kasu guztietan ingurua oinezkoentzat jartzea eta trafikoa zabalgunetik hurbilen dagoen zatira eramatea planteatzen da. Gainera, Foruen monumentuaren balioa handitzea eta pasealekua inguratzen duten eremuen arteko loturak hobetzea aurreikusten da.

  • Lehenak, Ramon Garitano iruindarrak zuzendutako taldeak egina, erdiko pasealekua mantentzea proposatzen du, Alde Zaharretik hurbilen dagoen aldea eta San Ignacio eta Ferandez Arena kaleak oinezkoentzat bihurtuz. Gainera, San Nikolas inguruan zabaltzen diren harmailak proiektatzen ditu, plazoleta bat sortuz, eta parlamentutik hurbilen dagoen aldean urmael bat sortzea aurreikusten da. Hegoaldean, hiriko autobusen geralekuak jarriko lirateke, eta bidegorri bat egongo litzateke Navas de Tolosa kalearen eta San Nikolas elizaren artean.
  • 'Zip!!’ proposamena Bartzelonako talde batek aurkeztu du. Pasealekua oinezkoentzat jartzean oinarritzen da, eremu osoan oinezkoei lehentasuna emanez maila bereko urbanizazioarekin, "plataforma bakar osoa batean". Hiri autobusaren geralekuak ere hegoaldera aldatuko dira eta Alde Zaharra eta Zabalgunea bi ardatzen bidez elkartzea sustatuko da.
  • ‘Hiru plaza dituen pasealekua’, Madrilgo talde batek egina da eta, izenak dioen bezala, plaza bat planteatzen du Foruen Monumentuaren inguruan, beste bat San Nikolas elizaren ondoan eta hirugarren bat Legebiltzarraren sarreran. Horrek Navas de Tolosa kaleko ibilgailuentzako bideen trazadura berria ekarriko luke, espaloiaren tamaina handitzeko. Iparraldeko parterre kentzea ere planteatzen du, zolatutako eremua zabaltzeko.

Lehen aukeraketa honakoek egin dute: Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi delegatua izan da ideia-lehiaketako epaimahaiburua, eta Juan José Echeverría Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi delegatua izan da lehendakariorde. Batzordekide izan dira Alejandro Astibia Proiektu eta Obra, Mugikortasun eta Iraunkortasun zuzendaria, Óscar Esquíroz Hiri Kontserbazioko zuzendaria, José Ignacio Alfonso eta Ignacio Iribarren Proiektu Estrategiko, Mugikortasun eta Iraunkortasun Alorreko arkitektoak, Rafael Araualde Hirigintza Gerentziako arkitektoa eta Javier Recalde Zaharberritze Bulegoko arkitektoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!