Ostiralean zuten egitekoa Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Bizi dantza' ikuskizuna, Baluarten, Iruñeko Udalak antolatutako euskarazko haurrentzako programazioaren barruan. Ekainaren 12an sinatu zuen Katxiporreta kooperatibak kontratua Maider Beloki orduko Iruñeko Udaleko kultur zinegotziarekin. Ustezko "irregulartasunak" zeudelakoan ofiziozko berrikuspena abiatu zuen udalak urrian, eta ikuskizunaren etena dekretatu zuen. Nafarroako Kontseilura igorri zuen gaia, ikerketa egin zezan. Gaur iritsi da ebazpena. Arrazoi eman die Pirritx, Porrotx eta Marimototsi kontseiluak.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunaren kontratua bertan behera uztea ez dela "bidezkoa" izan uste du Nafarroako Kontseiluak. "Uler daiteke kontratazio artistikoak publizitaterik gabe negozia daitezkeela", zehaztu du 15 orrialdeko txostenean.
Ikuskizunari buruzko "espedienterik ez dagoela" salatu izan du Iruñeko Udalak. Honen inguruan kontseiluak adierazi du, kontratuaren justifikazioa eta espedientea "nabarmeki hobetu" daitekeela, baina bete beharreko prozedura ez dutela "erabat baztertu". Prozedura txukuna izan zedin "erabakia justifikatzeko txostenen bat" egin beharko zutela argudiatu du kontseiluak, "batez ere kontuan hartuta erabakia erabat hautazkoa dela".
Gabezia gisa definitzen du hori, eta izatekotan "deuseztagarritasun eza" litzatekeela. "Horrek ez dakar erabateko deuseztasun-akatsa izateko behar den prozedurarik ez izatea", gaineratu du txostenean. Argurdio hauek kontuan harturik, Nafarroako Kontseiluak uste du ez dela bidezkoa izan ere ez kontratua ofizioz berrikustea.