Udalak zenbait oinezkoen pasabideetako segurtasuna hobetuko du Arrosadian, eta irisgarriago eginen du Jesus Guridi kalea

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 22a, 16:35

Udalak 90.000 euroko inbertsioa eginen du Arrosadiako ia pasabide guztiak irisgarritasun-araudira egokitzeko.

Iruñeko Udala zenbait lan egiten ari da Arrosadian, bertako oinezkoen pasabide batzuk seguruago egin eta Jesus Guridi kaleko irisgarritasuna hobetzeko, espaloia zabalduz, besteak beste. Hori horrela, ia amaitutzat joko dira Arrosadiako oinezkoen pasabideak irisgarritasun-araudira egokitzeko lanak, zeinetarako aintzat hartu baitira auzoaren ezaugarri topografikoak eta dauden zailtasunak. Lanok duela hiru aste abiatu ziren, eta hamabost egunean bukatuko dira, gutxi gorabehera.

Helburua da oinezkoen segurtasuna handitzea arriskugarrien diren oinezko pasabideetan, nola eta espaloiak aurreratuz, pasabideetan argi gehiago jarriz, asfaltoa berrituz, estolda-zuloak eginez eta zoladura podotaktila (testura desberdinez osatutako azalerak, ikusmen-desgaitasuna dutenei arrisku-gunera hurbiltzen ari direla ohartarazteko) zaharberrituz. Halaber, Araxes Errekaren kalean eremu arauturako dagoen kontrol-zutoina lekualdatuko da.

Oinezkoen joan-etorriak erraztea, eskailerak erabili beharra saihestuta

Modu osagarrian, Jesus Guridi kaleko oinezkoen pasabideak eraldatu eta bertako irisgarritasuna hobetuko da, portaleetako aldeko espaloia zabalduz, gutxienez 1,80 metrotara. Egun aparkatzeko dauden tokiak mantentze aldera, galtzadaren zabalera txikituko denez gero, Guelbenzu kaleranzko noranzkoan zirkulatzea galaraziko da. Pasabideei dagokienez, Jesus Guridi kaleko bitan eta Goroabe kalekoan (Guridi kaletik gertuenekoan) esku hartuko da.

Bestalde, egiten ari diren lanek Goroabe eta Guridi kaleen arteko komunikazioa ere hobetuko dute, oinezkoen ibilbideetan ez baitira eskailerak erabili beharko, eta horrek nabarmen erraztuko dizkie joan-etorriak. Jesus Guridi kaleko irisgarritasuna hobetzeko, sartzeko arrapala bat paratuko da, eta eskaileren diseinua egungo araudiarekin bat aldatuko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!