Lezkairuko etxegabetzea astelehenera arte atzeratu egin du epaitegiak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 21a, 12:56

Gaur goizeko 9:00etan espero zuten epaitegietako idazkaria Iruñeko Lezkairun, kaleratze mehatxua duen familia etxetik botatzeko. Ez da inor azaldu. Etxegabetzeen kontrako plataformako kideak eta hainbat herritar bildu da etxe atarian kaleratzea ekiditeko. Astelehenean itzultzera dei egin dute.

Goiza hotza bazen ere, giroa bero zegoen Lezkairun. Goizeko 8:30etatik jendea bildu da etxe atarian. Pankarta bat zabaldu dute sarrera itxiz, bertan etxegabetze honetan Nafarroako Gobernuak duen ardura salatzen zen. 9:00etan espero zen epaitegietako idazkaria. Minutuak aurrera egin ahala, giroa baretzen hasi da. Ez zen inor azaltzen etxe kaleratzea gauzatzera. Kafe beroa banatu du, etxegabetzearen mehatxua duen familiako kideetako batek. 9:30 ean heldu da deia epaitegietatik. Orainarteko txostenean gaurko data zegoen arren, astelehenera atzeratu da etxegabetzea. Ez dute pozez hartu albistea etxe atarian, konponbidea baino, egun hauetako tentsioa luzatzea suposatzen baitu atzerapen honek. “Desgaste estrategia bat da, argi eta garbi” azaldu du etxegabetzeen kontrako plataformako kidea den Begoña Alfarok, “Nekatu nahi gaituzte, sustengua higatu eta geroz eta jende gutxiago etortzea erresistentzia egitera”. Horregatik, astelehenean, goizeko 9:00etan Lezkairura itzultzera dei egin dute etxegabetzea berriz ekiditzera. Bitartean, Nafarroako Gobernuarekin negoziatzeko asmoa erakutsi du familiak, kaleratzea gertatuz gero, kale gorrian ez geratzeko alternatiba bat lortzeko.

Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH) zabalduriko informazioaren arabera, Yolan, Juan eta haien lau seme-alabak adintxikikoak, subentzionaturiko alokairu publikoko etxebizitza batean bizi dira. Etxebizitza hori Errotabidea promotorak kudeatzen du. Eta hark bultzatu du etxegabetzea, ez alokairu edo hipoteka ordaintzeko arazoengatik, bestealko elkarbizitza argudioak emanda.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!