Lantaldeak helarazi nahi dizkio liburutegiak pairatzen duen prekarietate egoera eta Alde Zaharreko bizilagunek proposaturiko hobekuntzak. Azken horiek, dekalogo batean bilduta daude eta talde politiko guztiek jaso zituzten hauteskundeen aurretik.
San Frantziskoko liburutegiak dituen ezaugarriak eta erabiltzaile kopurua kontutan hartuta, lantaldeak oso kezkagarritzat jo ditu honen langile eta liburu falta. Alde batetik, lantaldeak adierazi nahi dio arloko zuzendariari liburutegiko langile kopurua txikia eta aldakorra dela, lan egonkortasun ezarekin eta ,batzuetan, beharrezko lan profilik gabekoa. Horrez gain, euskarazko arretaren garrantzia nabarmenduko dute. Bestetik, gogoraraziko diote beharrezkoak direla liburu gehiago liburutegiko erabiltzaile kopuru handiari aurre egiteko.
Aurrekoarekin batera, lantaldeak ordutegi eta toki arazoak mahaigaineratuko ditu. Lehenengo eta behin, lantaldeko kideek uste dute ikasketa gela handitu behar dela. Horretarako, udalaren zein Nafarroako Gobernuaren beste eraikin bat erabiltzeko aukera proposatuko dute. Era berean, nahitaezkotzat dute haur liburutegiak dituen aukera guztiak garatzea. Baita ere, nabarmendu dute instalazioen garbiketak hobetu beharko litzatekeela. Beste alde batetik, lantaldea ez dago ados itxiera ordu berriarekin (20:30ean) eta ordutegia luzatzeko eskatuko du. Bide batez, liburutegia larunbat goizetan irekitzea planteatuko du. Bukatzeko, bileran, liburutegiaren izen aldaketaren proposamenaren inguruan jardungo dute eta azpimarratuko dute zerbitzu honek auzoan duen garrantzia.