Emakume kirolariak ikustarazteko argazki-erakusketa ezarriko du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 13a, 19:48

Erakusketan Iñaki Bergararen irudiak egonen dira ikusgai, Iturramako zein Milagrosako Civivoxetan azaroan, eta Sanduzelaiko zein Zabalguneko Civivoxetan abenduan.

Iruñeko Udalak 1makumeak eta kirola argazki-erakusketa antolatu du emakumeen parte-hartzea kirolaren arloan ikusarazteko. Iñaki Bergararen irudiak dituen erakusketa Iturramako Civivoxean eta Milagrosakoan dago ikusgai, azaroaren 26ra arte. Gero, abenduaren 4tik 31ra, Sanduzelaiko eta Zabalguneko Civivoxetan egonen da. Civivox guztien bisita-ordutegia honako hau da: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Guztira, Iñaki Vergarak 200 argazki baino gehiago bildu ditu, bederatzi kiroletakoak: saskibaloia, eskubaloia, halterofilia, esku-pilota, errugbia, sokatira, txirrindularitza, igeriketa aleta bakarrarekin eta boleibola. Civivox sarean ez ezik, Maiteminduen pasealekuko 41eko behean duen estudioan ere aurkezten ditu.

Erakusketak agerian utzi nahi du emakumezkoen kirolak bizi duen benetako egoera eta berdintasun eza, beste gizarte-esparru batzuetan bezala. Erakusketak ikusgai jartzen du hainbat kiroletan aritzen diren emakumeek eskaintzen dituzten gauza on mordoa, baina baita oraindik lortu ez diren kontuak ere. Argazkietan emakumeak haien egunerokoan ikus daitezke: partidetan eta hurbileko momentuetan, haien ahalegina, sakrifizioa, teknika, gaitasuna, lan-kolektiboa edo plastikotasuna nabarmenduta. Azken finean, emakumeen kirolera hurbiltzean pasatzen utzi behar ez diren alderdi positibo horietan guztietan jartzen du arreta.

Hori guztia irudiak eta testuak batuz adierazita. Testuek balio dute emakumeen kirolak bizi dituen zenbait egoera salatzeko: ahalegin handiagoa, aintzatespen ekonomiko eta sozial eskasagoa, emakumerik eza erabakiak hartzen diren esparruetan, oihartzun eskasa komunikabideetan... Erakusketan adierazten den bezala, hobera doaz egoera horiek, bai, baina oso poliki. Adibidez, informazioan aipatzen dira kanon estetikoen presioa edo emakumeek praktikatzen dituzten kirolak ezbaian jartzea, bai eta emakumeen taldeetako kide izatearen zailtasuna ere, askoz aintzatespen eta laguntza gutxiago izaten baitituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!