'Zaldi urdina' antzezlana, aste honetan, Gaiarre antzokian

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 11a, 13:45
  • Ximun Fuchsek zuzendu du antzezlana, eta heroinaren gaia jorratzen du.
  • Asteazkenean eta ostegunean taularatuko dute, 20:00etan, eta ostegunekoan gaztelaniazko azpitituluak egongo dira. 

Asteazkenean eta ostegunean eramango dute Zaldi Urdina antzezlana Gaiarre antzokira. Artedrama, Axut, eta Dejabu Panpin laborategiek elkarrekin sortu duten laugarren ikuskizuna da. Izenak berak erakusten duenez, "zaldi zuria" izenez ezaguna zen heroinaren gaia jorratu dute antzezlanean, horren inguruan dagoen tabua apurtzeko, eta gaia isiltasunetik ateratzeko.

Izan ere, 80. hamarkadan droga hori Euskal Herri osoan zehar zabaldu zen, eta milaka hildako eragin zituen. Baina, proiektuaren sortzaileen ustez, gaia ez da modu kolektiboan jorratu, ezta zuloa sendatu ere. Horregatik, galdera batzuk proposatu dituzte gaia jorratzeko: "Zer eragin izan du heroinak familietan, lagunartean eta bikote harremanetan? Zer eragin du gazteriaren ametsetan? Zertarako isilarazi da? Zergatik sentitzen dugu drogaren beharra?". Galdera horiei antzerkiaren bitartez helduko diete.  

Ximun Fuchsek zuzendu du antzezlana, eta zazpi aktore igoko dira oholtzara: Oier Zuñiga, Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Rendondo, Miren Alcala, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide.

Gaiari heltzeko, techno jaialdi batean emandako jazoera batzuetatik abiatuko dira. Festan, gazte bat koman sartuko da zaldi urdina izeneko droga berria kontsumituta, eta ondoren, Aingeru izeneko 17 urteko mutikoa desagertuko da, ustez, besteari droga saldu diolako. Polizia gaztearen bila hasiko da, baina horren atzean mundu ilun bat dagoela ulertuta, Aingeruren senideak bere bila hasiko dira, poliziek ez dezaten atzeman. Pertsonaia asko arituko dira Aingeruren bila, eta beren istorioak gurutzatuko dira oholtzan. 

Orainaldian kokatu dute istorioa, beraz; orainalditik, hainbat belaunalditako ikus-entzuleei zuzendu zaizkie, drogaren eraginak eta kalteak pairatu dituzten herritar guztiei, denen artean minak elkarbanatzeko. 

Aurreko antzezlanekin egin bezala, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin idatzi dute obra, eta hura sortzeko orduan, dokumentazio lan sakona egin dute, gaiaren inguruko ahalik eta ikuspegirik zehatzena emateko. Lanaren eszenografiari dagokionez, oso sinplea izango da, zazpi aktoreen mugimenduek, argiak eta musika giroak sortutakoa.

Emaitza asteazkenean eta ostegunean erakutsiko dute, Gaiarre antzokian, arratsaldeko 20:00etan, eta ostegunekoan, gaztelaniazko azpitituluak egongo dira. Antzezleek zein zuzendariak nabarmendu dute halako antzoki batean halako proiektu bat erakustearen garrantzia: "garaipen txiki handitzat" jo dute.

Ikuskizunerako sarrera gehienak saldu dituzte dagoeneko, baina oraindik batzuk daude eskuragai, Gaiarre antzokiaren webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!