Ekonomia Sozial eta Solidarioaren hilabetea, bihartik aurrera, Geltokin

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 6a, 12:43

Bihar, energia berriztagarrien astearen barruan, Goiener eta E+p energia kooperatiben erakusketa, eta Izabako Udaleko energia lantaldeko Aitor Perezen eta Iruñeko udal energia operadoreko Javier Zardoyaren hitzaldia. 

Bihar hasiko da Geltoki guneak eta REAS Nafarroak antolatu duten Ekonomia Sozial eta Solidarioaren hilabetea, #mESS goiburupean. Egitasmoarekin, ekonomia sozial eta solidarioaren baloreak, gaitasunak eta Nafarroan dauden alternatibak ezagutzera eman nahi dizkiete herritarrei.

Hilaren aste bakoitzean ardatz bat landuko dute, Geltokiren foroetako bakoitzarekin bat eginez: energia berriztagarriak, etxebizitza kolaboratiboa, finantza etikoak eta kontsumo arduratsua. Jardueren artean hitzaldiak, dastatzeak, bisita gidatuak eta bigarren eskuko merkatua  egongo dira, eta ekonomia sozialeko 27 kolektibok parte hartuko dute jardueretan; besteak beste, izango dira Greenpace, Setem, Emausko Trapuketariak, Goiener, Attac, Aperna, Fiare, Koop57, Bizilur, Alianza por el clima, Energia Gara, Cohousing eta E+p.

Bihar, energia berriztagarriaren inguruko asteari ekiteko, Energia Gara, Goiener eta E+p kooperatibek energia berriztagarrien alternatiben erakusketa antolatuko dute, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, Geltokin. Halaber, arratsaldeko 19:00etan, Izabako Udaleko energia lantaldeko Aitor Perezek eta Iruñeko udal energia operadoreko Javier Zardoyak hitzaldia eskainiko dute, Gizartearen txanda da orain izenburupean.

Bestalde, ekonomia sozialeko entitateekin egingo dituzten jarduerak ez ezik, Geltokik eta REASek beste zenbait ekintza antolatuko dituzte. Azaroko hainbat egunetan, Nafarroako ikastetxeetako ikasleek Geltoki bisitatuko dute, eta ekonomia sozial eta solidarioren inguruko erakusketak ikusi ahal izango dituzte. Bestalde, bi irteera antolatuko dituzte: lehenik, hilaren 17an, Olloko Gure sustraiak proiektura bisita egingo dute, eta ondoren, 23an, Iruñean ekonomia solidarioa lantzen duten guneak bisitatzeko ibilbidea egingo dute: Emausko trapuketariak, Landare, Katakrak, Goiener eta Geltoki.  

Ekonomia sozialaren hilabetearen testuinguruan sortzen ari diren ekimenei begira, Geltokiko eta REASeko kideek argi dute: eredu horren aldeko apustua gero eta handiagoa da Nafarroan. Datu bat ere eman dute: auditoretza sozialean iaz 26 entitate zeuden, eta aurten, dagoeneko, 30 dira. Beraz, ez dira gutxi ekonomia sozialaren bidea hartu dutenak.

Geltokiren webgunean ikus daiteke egitaraua osorik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!