Gaur abiatuko da 29. Bertsoaroa

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 5a, 11:04
  • Gaur, 19:30ean, Nafarroako Antzerki Eskolan, Julio Soto, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi.
  • Zortzi proposamen eskainiko ditu, tartean bi ikuskizunen estreinaldia, eta emanaldi nagusiak Nafarroako Antzerki Eskolan izanen dira.

Udazkenarekin batera heldu da, urtero bezala, Bertsoaroa jaialdia. Gaur hasiko da, Iruñean. 29. aldia izango du aurtengoa, eta berritasunekin etorriko da. Zortzi proposamen eskainiko ditu, tartean bi ikuskizunen estreinaldia, eta emanaldi nagusiak Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dituzte.

Ohi bezala, bertso jaialdi batekin emango diote hasiera gaur Bertsoaroari, arratsaldeko 19:30ean, lehen aldiz Nafarroako Antzerki Eskolan. Punta puntako bertsolariak igoko dira oholtzara, eta Nafarrez gain, Lapurdikoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ere arituko dira. Hala, lehen hitzordu horretan parte hartuko dute Julio Sotok, Amets Arzallusek, Unai Iturriagak, Uxue Alberdik, Alazne Untxalok eta Joanes Illarregik, eta aurkezlea Ander Aranburu izango da.

Berrkuntzei dagokienez, lehena flamenkoa eta bertsoa oinarri dituen Gorria ikuskizuna da, 2018ko Lanku bekaren irabazlea. Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta flamenko dantzariaren arteko elkarrizketa artistikoan oinarritzen da. Bi arte adierazpide horiek oinarri bera dute, inprobisazioa, eta horretan dihardute bi sortzaileek. Azaroaren 7an, ostegunarekin, estreinatuko dute, 19: 30ean Kondestable Civivoxaren patioan.

Bigarrena Urpekakariak da, bertsoa eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna. Ikus-entzule txikienek beren gorputzei begiratzeko, eta aniztasunari, sexualitateari eta genero rolei buruz gogoeta egiteko helburua du, umorean oinarrituz. Ane Labakak eta Miren Amurizak idatzi dute, eta Lierni Hernandezek eta Eneko Arratek interpretatu dute. Saio bikoitza izango da, azaroaren 16an, 12:00etan eta 18:00etan.

Bi emanaldi horiek erakusten dute bertsolaritzak gero eta joera handiagoa duela beste kultur adierazpideekin uztartzeko, baita Bertsoaroa jaialdian ere.

Beste zazpi emanaldi gehiago egongo dira azaroaren 26ra arte. Tartean, besteak beste, bertso saioak, hitzaldiak, lantegiak eta bertso musikatuak egongo dira. Egoitzak Nafarroako Antzerki Eskola, Kondestable, Iturrama eta Sanduzelako civivoxak eta Gurutze Plazako Institutua izango dira, eta hilaren 26an amaituko da.

Bertsoaroa 1987an sortu zen, euskarazko arte adierazpide horren hedapena bultzatzeko, eta erroturik dago hirian.  Hasieratik, Iruñeko publikoaren aniztasunari erantzuteko ahalegina egin dute, eta horrek erreferentziazko hitzordu bat bihurtu du Antzerki Aroa iruindar zein kanpoko bertsozaleentzat.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!