Iruñeko Haurtzaro Txikiaren II Jaialdiak arte eszenikoak hurbilduko dizkie umeei

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 4a, 11:22
Argazkia: Iruñeko Udala

Jaialdia Civivox sarean egingo dute, azaroaren 4tik 23ra. Arte instalazioek, antzerki ikuskizunek, ipuin kontaketek eta tailerrek osatzen dute lau urtetik beherako haurtxoei eta haurrei zuzendutako jaialdiaren programazioa.

Horretaz gain, gurasoentzako eta profesionalentzako bi hitzaldik osatuko dute eskaintza, eta horietan edadetuen sentimenduen bilakaeran helduek duten papera jorratuko dute.

Kondestable Civivoxak hartzen duen instalazio artistikoa da jaialdiaren apustu nagusietako bat. Jolas-ziurtasunik eza izenarekin, esperimentazio sentsorialari hainbat materialen bidez irekitako atea da. Kulturarekiko jakin-mina pizteko modu bat, 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoen artean.

Udal haur-eskolek sormen-proposamen hori diseinatzen eta gauzatzen lagundu dute, haur bakoitzak askatasunez deskubritu dezan, bere beharren, eskubideen, mugen eta aukeren arabera. Horretarako, hainbat bisita gidatu antolatu dituzte, datozen hiru asteetako astelehen, asteazken eta larunbatetan, eta horietan Eva Mendia eta Inder Bhatti artistek parte hartuko dute, haurrek, talde txikitan, azaldutako materialekin esperimentatzeko aukera izan dezaten.

Elkarrekintzaren ildo beretik, jaialdiak espazioaren kalitate sentsorialari buruzko esperimentazio -eta hausnarketa- tailer bat barne hartzen du, haurtzaroko jolasarekin eta sinboloekin lotutako lau arkitektura motarekin harremanduta. Oraingo honetan, ordea, jarduera adin nagusikoentzat pentsatuta dago, batez ere guraso, hezitzaile eta artistentzat. Maushaus taldeak eta Teatro Paraisok antolatutako jarduera Jus la Rochan civivoxean izango da asteazkenean, 18:30etik 20:30era.

Ipuin kontalaria eta antzerkia

Haurrak protagonista dituen jaialdi honetan, ezin falta beraientzat bereziki erakargarria den eskaintza ludiko bat, hala nola antzerkia eta ipuin kontaketak. Hala, hiru antzerki ikuskizun aurreikusi dituzte, larunbatean 9, 16 eta 23an Civivox Mendillorrin. Horietako lehenengoak, Sagutxo tuntuna izenekoak, Errusiako baserri batean girotutako istorioa kontatzen du. Loraldia produkzioak konpainiaren eskutik, 2 eta 4 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta dago. Obra euskaraz da.

Beste bi lanen kasuan, zuzentzen diren publikoa 1 eta 3 urte artekoa da eta gaztelaniaz izango dira. Hilaren 16an, larunbata, Canti Vagantik Piccolino, un cine concierto lana ekarriko du, basoan dagoen etxe batera iristen den plastilina berdezko orban baten gainean. Larunbatean, hilak 23, Drammatico Vegetale konpainia italiarrak Une, due, tre … ikuskizuna taularatuko du, Mondrianen pintura batean oinarritutako emozio eta koloreei buruzkoa.

Bestalde, azaroaren 20an, asteazkenean, haurtxoentzako Kamishibai ipuin batzuk programatu dira, Edorta Cuestaren eskutik, Iturraman civivoxean. Japoniako ipuin tradizionalen irakurketa izango da txikienentzat. Bi saio izango dira, bata gaztelaniaz 17.30ean eta bestea euskaraz 18.15ean.

Bi hitzaldi

Jaialdi honen egitaraua bi hitzaldirekin osatzen da, Civivox Iturraman Haur Eskolekin elkarlanean antolatutakoak eta Edurne Lekunberrik emandakoak. Hitzaldiak 0 eta 3 urte bitarteko eskoletako adingabeen egokitzapen -eta harrera- aldiari buruzkoak izango dira, bai eta adingabeekin eta familiekin errespetu handiagoa duen etxetik eskolara igarotzeko moduari buruzkoak ere.

Hitzaldiek udal eskoletan garatutako metodologia helaraziko dute, ikastetxeetan bertan eta profesional eta familiekin ikerketa aldi bat egin ondoren. Azaroaren 5ean, asteartean, hitzaldia gaztelaniaz izango da eta 19an, asteartean, euskaraz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!