'Erlauntza' antzezlana eskainiko dute asteazkenean Gaiarre antzokian

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 28a, 13:47

Aurtengo Antzerki Aroaren bigarren emanaldia da. Komedia azido bat da, eta sei emakume ditu protagonista. 

Erlauntza antzezlana da Antzerki Aroaren bigarren proposamena, asteazkenerako, Gaiarre antzokian. Barreak eta malkoak nahasten dituen komedia azido bat da, eta sei emakume ditu protagonista. Haurtzaroko lagunak dira, eta landetxe batera doaz horietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Asteburu eroa izan behar zuena, are gehiago erotuko da, esan gabeko kontuak, alkohola, droga eta erlauntz bat elkartuko baitira han.

Kepa Errastik idatzi du lana, Mireia Gabilondok zuzendu du, eta Vaiven Produkzioak konpainiak ekoitzi du, Victoria Eugenia Antzokia, Arriaga Antzokia eta Gasteizeko Antzoki Zaharrarekin batera. 

Taula gainean arituko dira Leire Ruiz, Naiara Arnedo, Vito Rogado, Sara Cozar, Getari Etxegarai eta Aitziber Garmendia, eta azkeneko horrek izango du protagonismo handiena, nahiz eta lan korala izango den.

Gaien artean harremanenak pisu nabarmena hartuko du: funtzioak protagonisten harremanaren ibilbidea kontatuko du, eta laguntasunaren garrantzia nabarmenduko du; sei emakumeek desadostasun asko dituzten arren, hor iraungo duelako laguntasunak. Ikuskizunaren helburua, entretenitzeaz eta tarte on bat eskaintzeaz gain, emakumeen inguruan dauden topikoak puskatzea ere bada, Leire Ruiz aktoreak azaldu duenez.

Mugimendu handiko funtzioa da asteazkenean Gaiarren eskainiko dutena; funtzio arina eta dinamikoa. Arratsaldeko zortzietan taularatuko dute, eta sarrerak antzokiko leihatilan edota www.teatrogayarre.com webgunean eskuratu daitezke.

Emanaldi horrez gain, Nafarroako beste hainbat tokitan eskainiko dute Erlauntza ikuskizuna. Besteak bete, azaroaren 9an Altsasun eta 10ean Mutilvan emango dute, eta abenduan sartuta, 20an, 21ean eta 27an, Tafallan, Zangozan eta Noainen, hurrenez hurren.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!