Bi parkeek, erabilera maila handia dute urte osoan. Hala ere, hau oso mugatua ikusten da eguraldi txarreko egunetan eta bereziki beroak direnetan, ez baitute itzal edo aterperik. Horregatik erabaki da ekimen hori gauzatzea. Estalkiak haurren jolasguneen gainean jarriko dira, baldintza tekniko eta segurtasun-baldintza batzuei jarraituz. Iturramako bulebarreko parkeari dagokionez, 250 metro koadroko azalera hartuko du, Lopez pilotalekutik gertu, Iturrama HLHIren eta Jesusen Bihotza parrokiaren artean (proiekzio horizontala: 25x10 metro). Mendillorriko lakuko haur parkean egingo diren esku-hartzeek berriz, 220 metro koadro betetzeko balioko dute (22x10 metro proiekzio horizontalean). Bi kasuetan, pergolak gutxienez 3 metroko altuera librea izan beharko du joko-eremuko edozein punturen gainean, eta, jokoren baten gainean dagoenean, estalkiak, gutxienez, punturik altuenetik 1,5 metrora egon beharko du. Bi estalkiek argiak izango dituzte olanaren azpian.
Metalezko egitura, ehunezko estalkia
Udalak espazio horietarako egin duen proposamena hausturarekiko eta urradurarekiko erresistentzia handiko mintz batez osatutako estalki bati eusten dioten metalezko egiturak erabiltzea da. Olana poliesterrezkoa izango da, eta PVCzko estaldura izango du bi aldeetatik; kolore zuri zeharrargia izango du, eta zikinkeriaren kontrako tratamendua izango du. Zutabeek, habeek, arkuek, tripodeek eta, oro har, egitura horren euskarriek kontuan izan beharko dituzte jokoen segurtasun-azalerak, eta, behar izanez gero, material bigunez babestuta egon beharko dute. Gainera, baldintza-agiriak lehentasuna ematen die soilik euskarri perimetralekin sostengatzen diren egiturei, eta bitarteko zutabeak dituzten jokoen espazioa okupatzen ez dutenei.
Udalak erabakiko du estalkien kokapen zehatza, enpresa esleipendunaren aholkularitza teknikoarekin batera. Enpresa esleipendunak, aldez aurretik, altxaera topografikoa egin beharko du, zutabeen altuera zehazten laguntzeko. Gainera, espazioa elementu berrietara egokitzeko lan guztiak esleipendunaren kontura izango dira. Alde horretatik, jokoak aldez aurretik kendu eta ondoren birjartzeaz gain, zimendatze lanak bere gain hartu beharko ditu, kaltetutako zoladuraren egitura finkatzeko eta konpontzeko. Era berean, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiten zaiola ziurtatu beharko da, eta inguruko gainerako espazioen jarduera ez dela aldatuko, hala nola inguruko lokal, etxebizitza eta eraikinetarako sarbidea.
Bi instalazioen bermealdian (hiru urtekoa izango da), enpresak bere gain hartuko ditu mantentze-lan prebentiboak eta zuzentzaileak, erabileragatik, higaduragatik, ekintza bandalikoengatik edo arrazoi handiengatik.