'Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak' antzezlanarekin hasiko da gaur Antzerki Aroa

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 17a, 14:04

Nafarroako Antzerki Eskolan emango dute antzezlana, arratsaldeko 20:00etan.

Gaur abiatuko da udazkeneko Antzerki Aroa, Iruñean, Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak lanarekin.

Mar Auge antropologoak proposatzen zuen “ez-lekuen” kontzeptuari helduta, Rubik antzerki konpainiak hainbat galdera plazaratu ditu: zer erlazio mota dute ez-leku gisa ulertzen diren espazioek gizakiekin? Zer da iragankorra migratzaile baten bidaia etengabean? Eta gure bizitzako espazio guztiak iragankorrak izango balira? Galdera horien inguruan gogoeta zabaldu nahi dute antzezlanarekin, eta horretarako, objektu bat hartu dute ardatz: maleta. Horri tiraka, igarotzearen eta migrazioaren gaietan arakatu dute. Guztia, antzerki bisualaren bitartez, gogoeta zabaltzeko asmoz. 

Zubi proiektuarekin sortu dute antzezlana, eta Nafarroak Antzerki Eskolan emango dute gaur, arratsaldeko 20:00etan. Jokin Campion Iruñeko Udalaren euskarazko jardueren arduradunak adierazi duenez, Antzerki Aroko proposamenik “arriskatuena” izango da.

Gaurkoaz gain, beste lau antzezlan eskainiko dituzte, Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre antzokian eta Iturramako civivoxean, abenduaren 11ra arte: urriaren 30ean Vaiven produkzioak taldeak Erlauntza antzezlana eskainiko du, Gayarre antzokian; azaroaren 13an eta 14an Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia konpainiek estreinatu berri duten Zaldi urdina lanaren emanaldi bikoitza egongo da, Gayarren; ondoren, azaroaren 22an, Hika Teatroaren Txarriboda lana eskainiko dute, Iturramako zibioxean, eta, amaitzeko, abenduaren 11n, Atx teatroaren 7ak Bat lana emango dute Nafarroako Antzerki eskolan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!