'Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak' antzezlanak zabalduko du bihar Antzerki Aroa

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 16a, 13:39

Bihartik hasita, bost antzezlan eskainiko dituzte Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre antzokian eta Iturramako civivoxean, abenduaren 11ra arte. 

Bihar hasiko da udazkeneko Antzerki Aroa, Iruñean. Euskarazko bost antzezlan eskainiko dituzte, Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre antzokian eta Iturramako civivoxean, abenduaren 11ra arte. Aurtengo proposamenen artean komedia, drama eta antzerki lengoaia berrietako testuak egongo dira.

Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak lanarekin zabalduko dute zikloa, bihar, Antzerki Eskolan. Antzerki-hizkuntza berrien esperimentazioan eta bilaketan sakonduz eta mugimenduaren poetika eta antzerki bisuala jorratuz sortutako ikuskizuna da.

Horren ondoren, urriaren 30ean Vaiven produkzioak taldeak Erlauntza antzezlana eskainiko du, Gayarre antzokian. "Malkoak eta irriak baimenik gabe nahasten dituen komedia mikatza" da. Txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera, beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak, ordea, ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala; edo bai. Asteburu “eroa” izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat.

Azaroaren 13an eta 14an Artedrama,  Axut eta Dejabu Panpin Laborategia konpainiek estreinatu berri duten Zaldi urdina lanaren emanaldi bikoitza egongo da, Gayarren. Justo Arriolaren A los pies del caballo liburutik abiatu dira antzezlan hori sortzeko, Euskal Herrian drogak izandako eraginen inguruan arakatzeko. 

Ondoren, azaroaren 22an Hika Teatroaren Txarriboda lana eskainiko dute, Iturramako zibioxean, eta, amaitzeko, abenduaren 11n, Atx teatroaren 7ak Bat lana emango dute Nafarroako Antzerki eskolan. Kabaret-kontakizun "basati, lotsagabe eta gordina" da, non itxurak zein jakinduriak "araua hausteko" bide ematen baitute. 

Lan horiekin, "euskal antzerki profesionalaren lagin bat" Iruñera ekarri nahi izan dutela adierazi du Jokin Campion Iruñeko Udalaren euskarazko jardueren arduradunak. Era berean, Antzerki Aroaren aurtengo eskaintzaren "aniztasuna eta kalitatea" nabarmendu ditu antolatzaileak.

Antolatzailearen ustez, Antzerki Aroa "hazten eta hirian errotzen" ari den egitasmo bat da. Baina, hura zabaltzen jarraitu behar dutela ere gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!