Esleitu dira Hegoalde Ikastolako frontoiaren estalkia eta sarrerako markesina paratzeko lanak

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 14a, 19:25

Lanak azaroan hastea aurreikusi da.

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Hegoalde Ikastolako frontoiaren estalkia eta sarrerako markesina paratzeko lanen esleipena, Udalaren inbertsioa 322.430 euro delarik. Esleipenaren gehieneko aurrekontua 359.951 euro zen; hortaz, % 10eko beherapena egon da. Lanak azaroan hastea aurreikusi da.

Frontoiaren estalkia 37 metro luze izanen da, eta 14,5 metro zabal. Markesinak, bestalde, luzera hori bera edukiko du, eta zabalera, 3 metrokoa. Hori horrela, gauzatu behar den proiektuak 647,50 m² hartuko ditu, egungo patioaren hamarren bat inguru. Estalkia bi pieza ezberdinez eginen da. Parte nagusia hamahiru metroko altuera duten sei arkupek –elkarrengandik 7,40 metroz bereizita– osatuko dute. Bermea izanen dute, batetik, frontoiaren pistaren mugan eta ezker horman, bestetik.

Hegoalde Ikastola Milagrosa auzoan (Sebastián Albero k. 2) dago, Ilargi Enea parkearen ondoan. Ikastetxera Sebastián Albero kaletik sartzen da Ikastolako patioan zehar, eta horren hego-ekialdeko ertzean dago frontoia. Barrutiaren azalera 11.566,14 m²-koa da. Eraikinaren solairuko okupazioa 3.759,00 m²-koa da (guztizkoaren % 32,5). Frontoiaren azalera 536,50 m² ingurukoa da.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza 80ko urteetako hasierako eraiki batean

Hegoalden bi hezkuntza-etapa daude, Haur eta Lehen hezkuntzak, 3 eta 12 urte bitarteko haurrekin, eta maila bakoitzean bi talde daude. Ikasleak, gutxi gorabehera, 500 dira ikasturte bakoitzean. Ikastola 1977/1978ko ikasturtean abiatu zen, gurasoek, irakasleek eta herri-erakundeek Udal Ikastola sortu zutenean. 2003ko irailaz geroztik, ikastetxea Nafarroako Gobernuaren pean dago.

Egungo eraikina 80ko urteetako hasieran eraiki zuten. 2009. urtean, Arrosadia auzo berriaren zabalkundearekin batera, lurzatiaren egitura aldatu zen patioa goitik behera itxuraldatuta; izan ere, erabilera askotako gune batzuk sortu ziren kirol-eremuari nagusitasuna gutxiagotu eta ikasleen artean bestelako harremanak bideratzea sustatzeko. Itxuraldaketa horretan, patioa bi kirol-eremu ezberdinez bereizi zen. Batetik, areto-futboleko pista, eskubaloikoa eta minibasketeko bi pista, eta, bestetik, frontoia. Udal-proiektu berriak, hain zuzen, azken horren gainean jardun behar du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!