Bost urteko zigorra 2017ko Gaseko eskortetako hilketaren akusatuarentzat

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 7a, 17:56

Iruñean gertatu zen, 2017ko irailaren 17an. Homizidio delitua egotzita kondenatu dute, bidezko defentsa osatugabearen aringarriarekin.

Nafarroako Auzitegiak bost urteko kartzela-zigorra ezarri dio Iruñeko Gaseko eskortetako aparkalekuko hilketaren akusatuari. 2017an gertatu zen, eta herri-epaimahaiak erruduntzat jo zuen auzipetua, homizidio delitua egotzita.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, epaileak 5 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio 51 urteko akusatuari, homizidio-delitua egotzita, bidezko defentsa osatugabearen aringarriarekin. Daniel de la Fuente biktimaren gurasoentzako 160.000 euroko kalte-ordaina eta azken horren anaiarentzako 10.000 euroko kalte-ordaina ezarri dizkio epaileak auzipetuari. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Zibil eta Penaleko Aretoan, apelazioan, helegitea jarriz egin daiteke horren aurka.

Herri-epaimahaiko kideek, otsailaren 14an, aintzat hartu zuten aringarri osatugabea; Fiskaltzak 8 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat, akusazio partikularrak 10ekoa, eta defentsak 2 urte eta 6 hilabetekoa. Herri-epaimahaiaren iritziz, akusatuak indar handiegia erabili zuen pairatutako eraso bati aurre egiteko.

Epaiaren arabera, frogatuta dago 2017ko irailaren 17an, 22:10 aldera, akusatua Iruñeko bere etxetik irten zela, Gaseko eskortetako aparkalekuan zuen furgonetaren barruan lo egiteko. Irailaren 18an, 02:30 aldera, biktima furgonetan sartu zen, eta, "bat-batean", auzipetuari erasotzen hasi zitzaion.

20 bat minutu iraun zuen borroka bat hasi zen orduan. Horretan, auzipetuak Daniel de la Fuente menderatzea lortu zuen, eta, segurtasun-gerrikoa erabiliz, ito egin zuen. Gutxienez hiru minutuz hertsatu zuen gerrikoarekin, biktimak mugitzeari utzi arte. Gaztea irailaren 21ean hil zen. 

Biktimak emandako kolpeen ondorioz, akusatuari sudurreko hezurrak apurtu zitzaizkion, hematomak izan zituen begietan, goiko ezpaina handitu zitzaion, eta zauria izan zuen ezkerreko hankan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!