Mapamunditarrak proiektuaren 13. edizioa hasiko da bihar

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 25a, 14:00

Erakusketak, filmen emanaldiak, tailerrak eta topaketak egongo dira. 

Bihar abiatuko da Mapamunditarrak egitasmoa, hamahirugarren aldiz, Iruñean. Erakusketak, filmen emanaldiak, tailerrak eta topaketak egingo dituzte, urriaren 27ra arte. La Caracola kultur elkarteak antolatzen du proiektua, kultura garaikidea sustatzeko. Alexandra Barues da proiektuaren komisarioa, eta Andrei Tarkovski zinemagile sobietarraren Zerkalo filmean oinarritu da hura antolatzeko.

Tarkovskik film horretan landu zituen kontzeptuetako batzuk jorratzen dituzten bost artistaren erakusketak dira Mapamunditarrak-en aurtengo eskaintza nagusia. Horietako bat artista nafar batena da: Javier Arbizurena. Bismutoarekin sortutako eskulturekin gizakiaren gorputza irudikatu du. Zorrotz du izena erakusketak, eta Ziudadelako Labea aretoan ikus daiteke. Bestalde, Concha Martinez Barretok Ziudadelako Mistoen Aretoan duen erakusketan, oroitzapenen eta denboraren joanaren inguruan hausnartu du. Era berean, Ziudadelako toki berean ikus daiteke Julie Chaffortek ikus-entzuneko lau piezarekin osatu duen erakusketa. Andres Galeano argazkilariak, berriz, ispiluak argazkilaritzaren historian izan duen garrantzia aztertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan jarri duen Einmal ist keinmal (Behin ez da zenbatzen) izeneko erakusketan, eta gai beraren inguruko tailer bat ere eskainiko du, urriaren 5ean eta 6an, Nafarroako Museoan. Roger Omarrek, berriz, haurren ametsen irudikapenekin sortu du Sagutxoak salbatzea erakusketa, eta Atarrabiako Batanean jarri du ikusgai. Erakusketa guztiak bihartik urriaren 27ra arte bisitatu ahal izango dira.

Eta erakusketez gain, Mapamunditarrak proiektuak zinema ziklo bat ere eskainiko du. Alemaniako eta Frantziako lau film emango dituzte, urriaren 1etik 22ra.  Emanaldi guztiak Iturramako Civivoxean izango dira, eta sarrera doan izango da, aldez aurretik gonbidapena eskuratuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!