Beatriz Txibite Ezkieta poeta iruindarrak lan berri bat aurkeztu du, Pamiela etxearekin: Mugiatu liburua. Haren laugarren olerki liburua da, eta oraingo honetan, poesia politikarekin uztartuz, mugei eta mugimenduei buruz hausnartu du olerkietan.
Talketan, kontraesanetan eta pribilegioetan oinarritu du Txibitek lana. 13 urte daramatza Euskal Herritik kanpo, munduan barna. Batxilergoa ikastera atera zen estreinakoz, Italiara, eta hamaika tokitan izan da gerora: Londres, Atenas, Pekin, Katmandu, Paris... Joan-etorri horietan, kontraesan batzuk sortu zaizkio, egoera kontraesankor zenbait bizi eta ikusi ditu; mugimenduaren eta mugen arteko kontraesanak. Mugimenduaz eta pribilegioez, hala mintzatu da Txibite: "Konturatzen ari naiz oso pribilegiatua naizela alde batetik bestera ibiltzeko. Nire bizimodua nomada da, baina oso bizimodu pribilegiatua da; nik ez dut Iruñetik alde egin behar nuelako; nahi nuelako joan naiz".
Aske mugitu daiteke Txibite munduan zehar; bere pasaportearekin hara-hona joateko aukera du. Baina, oraingoan, berak ez bezala, mugen aurka talka egiten dutenen egoeraz jabetu da inoiz baino gehiago, eta horri buruz hausnartu du. Talka hori, gainera, mugen kontrako talka bat da, baina askotariko mugen kontrakoa: "Gizartearen mugak, muga fisikoak, muga psikologikoak, muga filosofikoak... Gure burua eta gorputza mugatzen dituztenak".
Eslovenian idatzi du liburua Txibitek, Beste hitzak proiektuaren baitan egindako egonaldi artistikoan. Han, Jugoslaviaren eta Euskal Herriaren mugetatik abiatu zen lana idazten hasteko, eta horien historiaren arteko antzekotasunaz jabetu zen. Esan duenez, hori ere islatu egin du liburuan, baina ez da hori izan gai bakarra. Inoiz egin duen libururik "politikoena" ere badela esan du idazleak. Aurreko lan batzuetan jorratu izan ditu haren bizitza zeharkatzen dituzten gai politikoak, baina oraingoan, egun gaurkotasun handia duen auzi bati heldu dio: Europara sartu nahian mediterraneoa zeharkatzen duten errefuxiatuen krisiari. Eta hortaz, lan "politiko eta poetikoa" egin duela adierazi du.
Txibite hainbat herrialdetan ibilia da, eta hortaz, hizkuntza asko menperatzen ditu; zehazki, sei. Baina euskaraz idatzi du liburu hau, eta ez da euskaraz sortzen duen lehena: 2017an Pekineko kea eta Biennale lanak ere ondu zituen. Izan ere, harentzat, euskara etxera itzultzeko modu bat da, bere "etxe pertsonala" da etxetik urrun dagoenean.
Liburuaren azala ere berak egin du: paisaia bat da, hainbat materialekin sortua. Horretaz gain, liburuaren barnean ere hainbat irudi sartu ditu Txibitek; collageak; berak beste arte sorkuntza batzuekin uztartzen baitu idazketa, eta collageak sortzea da horietako bat.