90.000 euroko dirulaguntzak Iruñean euskara sustatzeko

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 20a, 13:58

Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko alorrak apirilean aurkeztutako dirulaguntzen deialdia ebatzi du, irabazi-asmorik gabeko entitateek euskara sustatu dezaten. Guztira hamalau entitatek aurkeztutako 22 proiekturi eman zaie dirulaguntza. Emandako kopuruak 430 eta 16.000 euro artean daude.

Honako hauek izan dira entitate onuradunak: Euskaldunon Biltoki, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Dindaia Fundazioa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Karrikiri Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea, AEK, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Goizargi Doluan diren senitartekoen eta lagunen elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, Nafarroa Retina Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Osasuna Fundazioa eta Jaso Fundazioa. Diruz lagundutako proiektuek, deialdiaren oinarriekin bat, euskararen normalizazioa sustatzea dute xede, eta eginak egon behar dute 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarteko aldian eta, nagusiki, Iruñeko udal-barrutian. Horrez gain, herritarrei zuzendutako jarduera irekiak izan behar dute.

Udalak deialdi honetan % 8,4 handitu du laguntzen zenbatekoa, hori guztira 90.000 eurokoa delarik. Proiektu bakoitzak jaso duen dirulaguntzaren zenbatekoa aldakorra da esleipen-prozesuan lortutako balorazioaren arabera. Hartara, 80 eta 100 puntu bitarte eskuratu duten proiektuek onetsitako aurrekontuaren % 55 jaso dute. Hala gertatu da Dindaiak, Osasuna Fundazioak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak aurkeztutako proiektuekin eta AEK-k aurkeztutako batekin (Erabilera esparruak). Bestalde, 45 eta 64,99 puntu bitarte eskuratu duten proiektuek onetsitako aurrekontuaren % 35 jaso dute. Hala gertatu da Nafarroako Prentsa Elkarteak, Nafarroa Retina Elkarteak, Behatokiak, Udako Euskal Unibertsitateak, AEK-k (Maleta ibiltaria) eta Kontseiluak aurkeztutako proiektuekin. Gainerakoek, 65 eta 79,99 punturen balorazioa lortuta, aurrekontuaren % 45eko laguntza jaso dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!