Sarek giza kate herritar bat antolatu du, euskal presoen etxeratzearen alde

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 17a, 13:58

Ekimenarekin nabarmendu nahi dute euskal presoen eskubideen alde herritarrek egiten duten zubi lanaren garrantzia. Urriaren 5ean izango da.

Atzo Espainiako Auzitegi  Nazionalean hasi eta bukatu zen 11/13 sumarioko epaiketa "injustizia" bat izan da, Sare Herritarra plataformaren hitzetan; "hasieratik injustizia izan zen, eta akoridoa erdietsieta ere, injustizia da". Iruñean egindako agerraldi batean, Sareko kideak pozik agertu dira 47 auzipetuetako 45ek ez dutelako espetxe zigorrik jasoko, baina etorkizunari begira jartzeko eta konponbidearen bidean urratsak egiteko unea dela azpimarratu dute.

Alde horretatik, atzokoa bezalako egoerak ez errepikatzeko gizartearen mobilizazioa "funtsezkoa" dela adierazi dute. Horretarako, kanpaina berri bat jarri dute martxan: 'Zubiak presoak etxeratzeko' izeneko kanpaina. Ekitaldi horren barruan, urriaren 5ean iruñeko bi zubi esanguratsu lotuko dituen giza kate herritar bat antolatu dute: Oblatas eta Santa Engraziko zubiak lotuko dituena.

Ekimen horrekin, presoak etxeratzeko herritarren arteko "zubi lanaren garrantzia" azpimarratu nahi dute; herritarrek behar baitute izan, haien hitzetan, presoen etxeratzea gauzatzeko eta konponbidearen bidean urratsak egiteko zubiak eraiki behar dituztenak. "Herritarrok izan behar dugu presoak etxeratzeko zubi, konponbidearen zein elkarbizitzaren alde zubiak eraikitzeko prest gauden herritar aktibo", adierazi du Mikel Mundiñano Sareko kideak; "Presorik gabeko herri baketsu eta justuago batean amesten dugun herritarrak izan behar gara bide horretan aktibo: kalean instituzioetan, lantegietan, ikastetxeetan...".

Urriaren 5ean, eguerdiko hamabietan, lotuko dituzte Oblatas eta Santa Ana zubia, eta, horretaz gain, herri eta auzoetan ere aktibatzeko eta mobilizatzeko deia zabaldu dute sareko kideek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!