Udalak informazio-kanpaina abiatu du Mugikortasuneko Ordenantza berria ezagutarazteko

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 16a, 15:18

Kanpainaren berri emateko honako euskarri hauek erabiliko dira: diptiko baten banaketa postontzietan,  dosier bat, webgune bat, sare sozialak, bideoak, markesinak, mupiak eta villavesak, eta zalantzak argitzeko aukera egonen da.

Aste honetan Iruñeko Udalak informazio-kanpaina bat abiatuko du Mugikortasuneko Ordenantza berria ezagutarazteko eta hirian mugitzen diren garraiobide ezberdinen bizikidetza sustatzeko. Kanpaina honako baliabide hauen bidez eginen da: etxe guztietako postontzietan utziko den diptikoa, araua laburbiltzen duen dosier zabala, sare sozialak, webgunea, hiriko autobus-geralekuetako markesinak, mupiak hainbat kaletan, bizikleta eta patinete elektrikoetarako txapak, zenbait villavesaren errotulazioa eta kartelak hiri-igogailuetan. Informazio-kanpaina elebiduna da, Udalaren araudiarekin bat, eta, euskarri horietako batzuetan, herritarrek Mugikortasun Zerbitzuari egiten dizkioten galdera ohikoenak jasotzen dira, arau-testuaren inguruan, baita sortzen ahal diren zalantza zehatzak kontsultatzeko aukera ere.

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak ekimenaren xehetasunak eskaini ditu; izan ere, Iruñeko Udalak, ekimenaren bidez, herritar guztiei helarazi nahi die araudia, era praktiko, erraz eta zuzenean. Araudiak Iruña 30 hiri bihurtu nahi du, bizikleta eta patineteetarako mugikortasun-era berriak planteatzen ditu eta oinezkoen segurtasuna handitu nahi du.

Kanpainaren helburua da guztiek zer egiten ahal duten eta nondik joan jakitea, hirian barna mugitzeko moduaren arabera, eta eragina izanen du garraiobide guztiek bide publikoan izanen duten bizikidetzan; hortaz, elkar errespetatu beharko dute. Horregatik guztiagatik, lelo nagusi hauek aukeratu dira: 30 baino gehiagora joatea debekatzen duen ikurra, kolore berdean, Iruña 30 hiria testua eta Elkar errespetatuz esaldia ondoan dituela.

Euskarri ezberdinak zabalki erabiliz herritar guztiengana iritsi nahi da; izan ere, Iruñean barna mugitzeko era berriak herritar gehienei eragiten die. Erabilitako baliabide ezberdinek hainbat modutan sakontzen dira edukietan: batzuek oinarrizko argibideak ematen dituzte, aldaketa nagusiak ezagutu nahi dituztenentzat; eta beste batzuek edukiak gehiago azaltzen dituzte, xehetasunak sakonkiago ezagutu behar dituztenentzat.

72.000 diptiko banatuko dira postontzietan

Iruñeko herritar guztiengana iristeko, diptiko bat editatu da, eta 75.000 ale inprimatuko dira. Horietatik, 72.000 postontzietan banatuko dira izan ere, Udalak lehentasunezkotzat jotzen du herritar guztiek ordenantza berriko oinarrizko xehetasunak jakitea, Iruñeko Udalak egunero jasotzen dituen galderak direla-eta.

Argibide gehiago emateko kontsulta-dosierra osatu da, ordenantzaren nolabaiteko laburpena dena. Hasieran aurkezpen labur orokor bat dago, eta zebrabideetan ikusgarritasuna hobetzeko aipamen bat, izan ere, zeharkatzen dituztenen segurtasuna handitzeko aurreko 5 metroetako aparkatzeko tokiak kenduko dira. 

www.iruna30hiria.iruna.eus micrositea www.pamplona.es webgunearen bost atal nagusien artean paratu da, eta bertan liburuxkaren egitura mantenduta horren antzeko informazioa ematen da, hainbat botoiren bidez antolatuta, modu azkar batean interesekoa zaigun hori kontsultatzen ahal izateko.
 

Heriotza-probabilitatea harrapaketetan eta abiadurarekin duen lotura, eta zalantzak argitzea

Hala diptikoan nola dosierrean, markesinako karteletan eta mupietan, hiri-autobusen errotulazioan eta udal-webgunean grafiko baten bidez gogorarazten da 30 km/h-ko abiaduran heriotza-probabilitatea harrapaketetan % 10 dela, eta, aitzitik, 50 km/h-ko abiaduran % 85era igotzen dela. Hain zuzen, komunikazio-kanpaina honen xedea da gidariek mezu hori barneratzea. Hori dela eta behin eta berriz jartzen da indarra Iruña, 30 hiria leloan.

Argibide gunea Gazteluko plazan

Egun hauetan, Mugikortasunaren Astearen harira, argibide gune bat paratu da Gazteluko plazan, eta bertan informazioa emanen zaie horra hurbiltzen diren herritarrei Mugikortasun Asteko jarduerei eta Mugikortasuneko Ordenantza berriari buruz, eta haiek plazaratutako zalantzak argituko zaizkie.

Gunea astelehenetik ostegunera egonen da zabalik, 18:00etatik 21:00etara, eta ostiral zein larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Arau-testu berria ezagutzera emateko xedez, lau hitzaldi antolatu dira. Udal-teknikariek emanen dituzte hitzaldiok, 18:30etik 20:30era bitarte, gaur, astelehenarekin, Kondestablearen Jauregian; asteartean, Iturramako Civivoxean; asteazkenean, Ingurumen Hezkuntzako Museoan (San Pedroko Monasterio Zaharra), eta, ostegunean, Sanduzelaiko Civivoxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!