'Kaleak gureak dira' kartelak iragarriko ditu Aldapako San Fermin festak

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 10a, 13:37
Kartelaren egilea eta protagonistak

Irailaren 27tik 29ra ospatuko dituzte San Fermin Txikiak.

Bi kartel izan dira lehiaketan aukeratuak: “Kaleak gurea da” izenekoa 15 urtetik gorakoentzako mailan izan da hautatua, eta “San Fermin Txiki koloretsua” izenburua daramana, 15 urtetik beherakoenean. Lehenbizikoa Alde Zaharreko hainbat bizilagunen arteko sorkuntza kolektiboa da, eta bigarrena Ekhiotz Arbek egina da.

Oinarriak betetzen zituzten 24 kartel aurkeztu dira lehiaketara, 12 maila bakoitzean. Horiek denak San Domingoko Azokan ikusgai egon ziren astebetez, jendeak bere gogokoena bozkatu zezan. Azkenerako, 239 boto jaso ziren, 134 nagusien mailan, eta 105 gaztetxoenean.

Kaleak gureak dira

“Kaleak gureak dira” kartela, 15 urtetik gorakoen mailan sariduna, Nabarreria kalean ukabila altxatuta eta suziriak jaurtitzeko tresna eskutan duten bi neskatilen irudia dakar. Mikel Romeoren argazki bat du oinarri, eta auzoko hainbat bizilagunek hartu dute parte sorkuntzan, Paula Albeniz autoreetako batek azaldu duenez: “Jende askoren ideia izan zen, bai argazkiaren unean parte hartu genuen hainbatena, eta baita kartela nola izan zitekeen pentsatzen egon ginen beste askorena”. Izar eta Aroa bikiak erakusten ditu kartelak protagonista gisara, eta ez da kasualitatea: “Intentzio osoz erabaki genuen bi neska izatea kartelean agertzen zirenak, eta gainera bi txiki, ahalduntzearen ideia transmititzeko, eta kaleak gurea direla aldarrikatzeko”.

Kartel horren bi protagonistek sei urte dituzte, eta abentura handia izan da esperientzia hori haientzat: “Hasieran ez zuten suziriak jaurtitzeko tresna aurkitzen. Aurkitu zutenean, lehenbizi Aldapako San Fermin ingurura joan ginen argazkia egitera, gero beste toki batera, gero bestera… Askotan atera behar izan genuen argazkia, eta tramankuluak pisu handia zuen, eta beraz, erortzen zitzaigun. Altxatzen genuen, baina berriro behera…baina oso ongi pasa genuen”. Aroak dioenez, “azkenean, Izarrek hartu zuen tresna, eta ni ukabila altxatuta agertzen naiz”. Nahiz eta, aukeran, biek nahiago lukete ukabilaren: “Gutxiago pisatzen du”.

Kartelaren truk, 350 euroko dirusaria eskuratuko dute, bai eta 50 euroko bono bat, Santo Domingoko Azokak erabiltzeko. Paulak dioenez, oraindik ez dute erabaki sariekin zer egin: “kartelaren ideiaz hitz egin genuen, baina ez irabaztekotan egingo genukeenaz. Oraindik ez gara elkartu irabazi dugula ospatu eta zer egin erabakitzeko, baina pote batzuk hartuko ditugu San Fermin Txikin, eta Izarrek eta Aroak gozatzeko zerbait ere egingo dugu”. Haiek, momentuz, badituzte haien festetako unerik gogokoenak: suziriak eta zezensuzkoa.

San Fermin Txiki koloretsua

15 urtetik beherakoen mailan, Ekhiotz Arberen “San Fermin Txiki koloretsua” kartela izan da saritua. 13 urte ditu Ekhiotzek, eta laugarren aldiz hartu du parte lehiaketan. Bere proposamenean, “San Fermin Txikik kolore asko” dituela nabarmendu nahi izan du, tipografriak eta letren itxura duten marrazkiak uztartuz: “Erraldoiek ‘A’ forma dute, Nabarreriako iturriak ‘I’ forma, txupinazoak ‘S’-arena… Aitortu duenez, kotxean amarekin eta izebarekin berriketan ari zen bitartean izan zuen ideia, eta kartelak aurkezteko epemugaren aurreko gauan egin zuen kartela. “Amak esan zidan San Fermin Txikitik gustatzen zaizkidan gauzak jartzeko, eta letrak ere bai”. Eta hala hasi zen martxan: “Lehenbizik marrazkiak egin nituen, gero letrak, gero margotu nuen, eta azkenik, koloreetako puntuak jarri nituen”. Orain, 100 euroko bonoa jasoko du sari gisara, jaietako egitarauan iragartzen diren saltokietako batean erabiltzekoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!