Uda Nafarroan pasatzen ari diren Saharako haurrei harrera egin die Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 26a, 13:23

Uda honetan, Saharako Adiskideen Nafarroako Elkarteak 94 haur ekarri ditu.

Iruñeko Udakal harrera egin die gaur uda Nafarroan pasatzen ari diren Saharako hogei bat haurri eta horien harrera-familiei. Haurrek Badadi Benamar Sahara herriko Nafarroako ordezkariaren, Mohamed Gailani ordezkariordearen eta Udalbatzako kide zenbaiten babesa izan dute.

Saharako Adiskideen Nafarroako Elkarteak (ANAS) 60 gradura iristen den basamortutik ihesi udaro etortzen diren ehun bat haurrentzat antolatzen ditu jarduerak, eta bisita hau programaren barruan dago. Haurrak Aljeriaren hego-mendebaldean dagoen Tindouf-eko errefuxiatu-kanpamentuetatik etortzen dira, non 200.000 desplazatu bizi baitira.
ANAS elkartea, erakunde gisa, 1997an eratu bazen ere, bi urte lehenago hasi ziren Saharako haurrak udan Nafarroara bidaiatzen. Urtero 10 eta 13 urte bitarteko ia ehun haur etortzen dira; aurten, 94. Guztiak, lau izan ezik, ihesi harrera-familiekin bizi dira, zeinek gainera bidaia ordaindu baitute. Beste lau haur horiek osasun-arazoak dituztenez arreta bereziago behar dute; horregatik Saharako begiraleekin igarotzen dute uda, Kasedan eta Iharnotzen.

“Horietatik bik mugimendu-arazoak dituzte hanketan, eta ebakuntza behar dute osatzeko. Bati jada egin diote ebakuntza, eta besteari abuztu amaieran eginen diote. Gainera, beste haur bati 1. motako diabetesa diagnostikatu zioten; eta beste batek plaketak suntsitzen dizkion gaitza duenez kontu handiz jokatu behar da zauririk egin ez dezan. Familiekin egon ezin badira ere, arreta berezia behar dutelako, besteek duten aukera izatea garrantzitsua dela uste dugu”, azaldu du Carol García ANASeko arduradunak.

Irailaren 8a arte

Uztailaren 9an iritsi ziren 94 haurrak Nafarroara, eta irailaren 8an itzuliko dira Tindoufera; bi hilabeteotan, kultura ezberdin bat ezagutzeko aukera izan dute, eta errefuxiatu-kanpamentuaz oso bestelakoa den tokian bizitzeko. Bitartean, gainera, Aljeriako hegoaldearen muturreko bero gorena ekidin dute, elikadura hobetu ahal izan dute, eta osasun-egoera kontrolatzeko osasun-azterketak egin dizkiete.

94 haurretatik 40 inguru Iruñeko familiek hartu dituzte. Halere, harrera-familiak Nafarroako toki guztietakoak dira, Baztanetik Erriberarainoko herrietakoak. Saharako haurrak hiru udatan itzuli ahal dira, gehienez. Izan ere, oraingoan etorri direnen % 60 iaz ere etorri ziren.
Harrera-familien laguntza eskuzabala da programa hauek mantentzeko gakoa, ANASekoek alkateari azaldu dioten bezala. Iruñeko alkateak egindako harrera ez da Saharako haurrek eginen duten erakunde-bisita bakarra. Agendan, besteak beste, Parlamentua, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere badituzte bisitatzeko. Gauza berriak ezagutzeko ilusioa eta etxera itzultzeko zein familia biologikoekin berriro egoteko gogoa nahasten dira askotan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!