Iruñeko haur eskoletan "euskarazko eskaintza gehiegi" dagoela esan du Maiak

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 19a, 13:16
Alde Zaharrean euskarazko haur eskola aldarrikatzeko 2016an egindako elkarretaratzea.

Datorren ikasturtean (2020-2021) aldaketak eginen dituela iragarri du.

Iruñeko alkate Enrique Maiaren irudikoz, udalaren haur eskolen sarean "euskarazko eskaintza gehiegi dago". Hala adierazi du gaur, Hello Egunsenti haur eskolan, 0 eta 3 urte arteko haurren ikasturtearen hasiera ofizialean. Gauzak horrela, datorren ikasturtean (2020-2021) aldaketak eginen dituela gaineratu du.

Joan den legealdian, euskarazko haur eskolak bi izatetik lau izatera pasa ziren, Joseba Asiron alkatearen eskutik, eta EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda Ezkerraren sostenguarekin. Iruñeko Udalaren haur eskolak hamaika dira guztira. Eta horietan hiru hizkuntza eredu eskaintzen dituzte: euskara, gaztelania, eta gaztelania ingelesezko jarduerekin. Iruñean,Lehen Hezkuntzan, haurren ia %30 matrikulatzen dituzte D ereduan.

Ikasturtea, abian 

Hasi dira negarrak, haurrenak zein gurasoenak, 0 eta 3 urte arteko 900 ikaslek gaur hasi baitute ikasturtea, Iruñeko Udalaren haur eskola sarean. Egunotan adaptazio lan pertsonalizatua eginen dute. Eta adaptazio hori errazte aldera agiri bat sortu dute haur eskolotako profesionalek: Harrera aldia, familientzako esku-liburua. Udal haur eskolen webgunean aurki daiteke, eta paperean ere eskura daiteke.

Oraindik 50 plaza libre geratzen dira, zortzi haur eskoletan banaturik, zehazki Hello Egunsenti, Haurtzaro, Mendebaldea, Mendillorri, Hello Azpilagaña, Jose Maria Huarte, Goiz Eder eta Izartegin. Itxaron zerrendan guztira 203 haur daude. Kontua da geratzen diren plazek hainbatetan ez dutela bat egiten eskatzaileek behar duten profilarekin, haurraren adinari zein jardunaldiaren iraupenari dagokienez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!