Sanduzelaiko 7 ataritan energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektua aurkeztu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 7a, 11:37

Onetsitako esparru-akordioan, Salva Doktorearen kaleko 1, 3 eta 5a, Labayen Doktorearen 17 eta 19a eta Sanduzelai kaleko 5a.

Iruñeko Udalak esparru-akordio bat onetsi du Sanduzelaiko alderik zaharrenean, zazpi eraikinetan, Esku-hartze Orokorreko Proiektua bultzatzeko. Bertan zaharberritze osoa egingo da, helburu nagusia eraikinetako energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzea delarik; eta inguratzaile termikoa zein berogailua hobetzeko, igogailuak jartzeko eta hiri-irudia hobetzeko jarduketak proposatzen dira.

Behin beharrezko parte-hartzea gauzatuta, ukitutako komunitateetako jabekideek aurkeztutako Esku-hartze Orokorreko Proiektuak bizitegi-multzoan birsortze orokorra lortu nahi du, Salva Doktorearen kaleko, Labayen Doktorearen kaleko eta Sanduzelai kaleko atari batzuetan. Eremurako hiri-zaurgarritasunari buruz egindako azterketa sozioekonomikoetan hiri-birsortzeko jarduketa hau gomendatu zen, beste batzuen artean, Juanjo Echeverría Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Esparru-akordioa bizilagunen komunitateekiko hitzarmen zehatzen bidez garatuko da, Salva Doktorearen kaleko 1, 3, 5 eta 7an, Labayen Doktorearen kaleko 17 eta 19an eta Sanduzelai kaleko 5an; zazpiek, 1970ean eraikita, ezaugarri berberak zein garaiera bera (behea eta 4 solairu) dituzte. Ibai ondoko etxe-uharteetan daude, Sanduzelairen hegoan, Gridillas delakoekin batera; hori udalaren jabetzakoa da, eta plangintzan antolamendutik at dagoela jo da. Guztira 60 etxebizitza dira; azalera erabilgarri gehienek 75 m2 baino gutxiago dituzte, eta egongela, sukaldea, bainugela eta hiru logela. Bi aldetara jotzen dute, kalera zein etxe-uharteen barneko aldera.

Hiri-irudia hobetzeko jarduketa homogeneo eta koordinatua

Eraikin-ezaugarriek funtzio- eta estetika-gabezi batzuk dituzte; eta horiei emango zaien irtenbidea era koordinatuan zein ahalik eta berdintasun-maila gorenean. Adibidez, fatxada eta estalkietan isolamendu-gabezia dago; eta arotzeria gaizki dago, hiri-estetikaren kalterako. Salva Doktorearen kaleko 1ean eta Sanduzelai kaleko 5ean ez dago igogailurik; eta Labayen Doktorearen kaleko 19an ez dago ibilbide irisgarririk. Horrez gain, berokuntza amankomunik ez zegoenez, etxebizitzetan norberak jarritako berogailuek fatxadetan dituzte osagai batzuk.

Sanduzelaiko bizitegi-multzorako Esku-hartze Orokorreko Proiektua irailaren 27ko 357/2018 Foru Aginduaz onetsi zen. Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak 2015ean onetsi zuen eremu hau hiria birsortzeko plangintza gauzatzea aurreikusita zegoen aldean sar zedin. Ondoren, bai Pamplona Centro Histórico SA-ak egindako azterketek –eremuko hiri-zaurgarritasun adierazleei buruz– bai Erdigune Proiektuak –gizartean zein hirian esku hartzeko azterketa eta proposamenak– agerian utzi dute zaharberritzea bultzatu beharra.

Fatxadetan aldaketak, arotzeria, igogailuak, eskailera-kaxak, aireztapena...

Esku-hartze Orokorreko Proiektua Couto Proyectos SLPU estudioak egin du; eta, oro har, Udal Planaren Hirigintza Araudian jasotzen diren jarraibideekin bat dator (VI. unitate integratua, Sanduzelai, 1. zonaldea). Proiektu orokor hau beste toki zehatz batzuetan garatuko da gero, eraikin bakoitzaren beharren arabera. Oro har, inguratzaile termikoa hobetzea planteatzen da fatxada aireztatuetako sistema batez, aurreko fatxadetan zeramika-akaberaz eta atzekoetan SATEz eta mortero- zein margo-akaberaz; eta guztia, dagokion isolamenduaz. Arotzeria ere aldatuko da, toki guztietan leiho bikoitzik gabe; fatxadetako kableak eta bestelako osagaiak kenduko dira; eta estalkiak zaharberrituko dira.

Irisgarritasunari dagokionez, igogailurik ez dagoen atarietan jarriko dira, eta badaudenak indarreko araudiarekin bat egokituko dira; eskailera-kaxetan jarriko dira eta eskailera-kaxa berriak atzeko fatxadetan jarriko. Bestalde, badauden berokuntza-sistemak ordeztuko dira gas naturaleko galdarez. Azkenik, atari bakoitzeko jarduketa-proiektuetan eraikin-ezaugarriak aztertuko dira banan-banan: instalazio amankomunen egokitzapena, irazgaiztea, aireztapen-sistemak eta kea kanporatzekoa, beheko solairuen zein terrazetako karelen tratamendua eta beharrezkotzat jotzen diren bestelako alderdiak, funtzio-, egitura- eta estetika-egokitzapena lor dadin.

Udalaren laguntzak, eta espedienteak kudeatzeko babesa, Nafarroako Gobernuan
Behin bizilagunen komunitateekiko hitzarmenak sinatuta, lanetarako dirulaguntzak jaso ahalko dira, bai Iruñeko Udalak bai Nafarroako Gobernuak emanak. Udalak laguntza emango du, Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoaren bitartez, Nafarroako Gobernuarendako zaharberritze-espedientearen izapidean.

Udalaren dirulaguntza-plan estrategikoak berariazko lerroa du jarduketa-mota hauetarako, eta zuzeneko emate gisa bideratu ahal da bizilagunen komunitateekiko hitzarmenez. Dirulaguntzen zenbatekoak eraikin bakoitzaren jarduketa-proiektuen araberakoak izango dira, eta babes daitekeen aurrekontu onetsiarekin bat. Zenbateko horri dagozkion lanetan arituko diren profesionalen diru-sariak gehituko zaizkio, eta / edo zuzendaritza teknikoenak.
Dirulaguntza-lerro horrek Iruñeko Udalaren dirulaguntza-lerroak ezartzea ahalbidetu du hiri-zaurgarritasun adierazle gehien dituzten zonaldetzat jotzen diren haietan. 2014tik, Iruñeko Udalak hurrengo toki hauetako komunitateekin ere sinatu ditu ezaugarri bereko esparru-akordioak: Trenbideko kalea, Lezkairuko zaldua, Agur Maria zeharkalea eta Sanduzelaiko beste etxe-uharte batzuk (Salva Doktorearen kalearen eta Juaristi Doktorearen kalearen artean). Orain, Sanduzelaiko bigarren esparru-akordio honetaz gain, horrelako hitzarmenak onestea aurreikusten da zonalde hauetan: Oscoz multzoa (Arrotxapea), San Miguel Koopetiba (Txantrea) eta Sarrigurengo errepidea (Diputazioaren etxeak).

Eraikineko jabeek lanei dagozkien betebeharrak hartuko dituzte bere gain, esaterako, lanen Jarduketa Proiektua idatziko duen teknikaria, lanak zuzenduko dituzten teknikaria zein eraikuntza-enpresa izendatu eta kontratatzeko zereginak. Hitzarmenak baldintza hau ere hartzen du barne: lanak gauzatzeko, diruz lagundu ahal den gastuak 40.000 euro gainditzen baditu, bizilagunen komunitateak hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, hornitzaile ezberdinengandik. Eskaintzaren hautaketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da. Eraikinetan, behin beharrezko obra-lizentzia eskuratuta eta behin Nafarroako Gobernuak zein Iruñeko Udalak espedienteari birgaikuntza babestuaren kalifikazioa emanda gauzatuko da jarduketa.

Esparru-akordioak lau urteko indarra du, eta, bukatu aurretik, hitzarmenaren sinatzaileek luzapena adostu ahalko dute, beste lau urte gehiagoz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!