Hogeita hamar bat jarduerek osatuko dute aurtengo Harresietako Jaialdia

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 18a, 13:44

Musika, dantza, zirkua, kaleko arteak eta... Harresiak dantzan, abuztuaren 1etik 21era, eta Iruña Ilunabarrean, ostiralero, uztailaren 19tik irailaren 6ra.

Harresietako Jaialdiaren laugarren edizioak hogeita hamar bat jarduera edukiko ditu, hainbat arte-diziplina uztartuko dituztenak. Ikuskizunak adin guztietarako izango dira, uztailean eta abuztuan, eta gehienak doan, dantza bertikaleko hiru muntaketa eta ihes-joko bat izan ezik. Jaialdi honen atzean kultura garaikidea guztiei hurbiltzeko apustua dago, kalitateko programazioaz, naziokoa zein nazioartekoa delarik, aldi berean, hiriko gune harresidunak aintzatetsiz, horiek ikuskizunetarako agertoki bihurturik.

Jaialdia lau programatan banatzen da, eta hiriko lau gunetan, betiere barruti harresidunari lotuta. Ziudadelan arte eszenikoak eta kontzertuak izango dira ardatz, abuztuaren 1etik 21era, eta lubanarroetan, Laguntza Atearen ondoan, beste gune bat atondu da inaugurazio-ikuskizunerako; Guadalupeko bastioian Harresiak dantzan izango dira, dantza bertikaleko antzezpenez, abuztuaren 2, 9 eta 16an (ostiraletan); O-ko Andre Maria plazan Iruña Ilunabarrean izango da kulturarekiko, teknologia berriekiko energia berriztagarriekiko hitzorduan, uztailaren 19tik irailaren 6ra; eta Zaldi Zuria Dantza zoroan murgilduko da abuztuaren 3, 10 eta 17an (larunbatetan). Ikuskizun guztiak doan dira, Harresiak dantzan ikuskizuneko jarduerak izan ezik.

Kaleko arteak, zirkua, musika eta dantza, Ziudadelako lau gunetan

Aurtengo Harresietako Jaialdia Ziudadelako barrutian izango da, 17 hitzordu, inaugurazio-ekitaldiaz Kukai Dantzaren eskutik abuztuaren 1ean hasi eta Bivouac konpainiarekin 22an amaituko delarik. Hiru astez, asteartetik ostegunera eta abuztuaren 17an –larunbatarekin–, izango dira hitzorduak, kaleko arteen, zirkuaren, musikaren eta dantzaren aldeko apustuaz. Guztiak doan dira, Zonbien inbasioa izan ezik; abuztuaren 17rako, larunbatarekin, gazteentzat prestatutako ihes-joko horrek 5 euro balio du, eta aurretik izena eman behar da Gaztediaren Etxean.

Ikuskizunak Ziudadelan agertoki bezala atondutako lau guneetan banatuko dira, Arma Aretoaren ondoan, Lidia Biurrun Aretoaren ondoan, guardia-gorputzaren inguruneko harresiko horma-atalean eta Ziudadelako lubanarroetan, Laguntza Ateko zubiaren ondoan. Hain zuzen ere, azken gune horretan Harri bizia inaugurazio-ikuskizuna izango da, Kukai Dantza konpainiaren eskutik: dantzak eta proiekzioak, hiriko harresiak osatzen dituen harriaren alegoria bezala, hiriak, haien defentsarako eginkizuna alde batera utzita, argi- eta kolore-uholdean murgilduz. Bivouac konpainia Harresietako Jaialdiari amaiera emateaz arduratuko da abuztuaren 21ean, asteazkenarekin, Perceptions ikuskizunaz, guardia-gorputzaren hurbil dagoen harresiko horma-atalaren ondoan. Iruditeria kuantikoaren barrenerako bidaia da, infinituki handiak eta infinituki txikiak bat egiten duten tokira. Dantzak airean eta musika uztartzen dira 360º-ko egitura grabitazionalean.

Gainontzeko egunetan bi ikuskizun eskainiko dira, bata bestearen ondoren, Ziudadelako bi gune ezberdinetan. Abuztuaren 6an, asteartearekin, Circ Panic-ek bere muntaia proposatuko du, Mira T; eta Belatzak bere lehen diskoa aurkeztuko, Orhi. 7an, asteazkenarekin, NUC-en dantza hasiko da, trikimakoz eta akrobaziaz; eta jarraian, La Shica eta Didi Gutman, musikaz. 8an, ostegunarekin, Mastrettaren musikarako txanda izango da, familiartean; eta EIA konpainiaren In Tarsi-ko akrobaziak, 2017ko MAX Saria ikuskizun berri onenari.

Ondorengo astean, 13an, asteartearekin, Mumusic Circus-ek dantza- eta funanbulismo-ikuskizuna emango du, Flou Papagayo; eta Maui abeslariak Por arte de magia diskoa aurkeztuko du. 14an, asteazkenarekin, kaleko artea, akrobaziak eta malabareak, Trocola Circ-en eskutik; eta Con X The Banjo, rock and rolla jotzen duen taldea, lan berria duena. 15ean musika gehiago, Iruña Brass Band-en eskutik eta zirku-arte gehiago, Up Arte-ren eskutik. 20an, asteartearekin, Ziudadelan Kolectiv Lapso Cirk-ek bere zirku-ikuskizuna emango du, Ovvio, adin guztietarako, eta Alos Quartet eta Amaia Elizarán, beren hitzorduan musika eta dantza uztartuko dituztenak.

Harresiak dantzan, Guadalupeko bastioian

Guadalupeko bastioiak Harresiak dantzan jarriko ditu, edizio berrian, abuztuaren 2, 9 eta 16an, ostiraletan. Nazioarteko zein nazioko konpainiek agertoki gisa hartuko dute berriro harresiko horma-atala, ohi ez bezala hartu ere: ikuspegi bertikalaz. Iruñeko harresien txoko horretarako programazioak bi konpainiaren estreinaldi bana hartzen ditu barne, eta horren ostean, DJen musika. Gainera, sarrera moduko ikuskizunak egongo dira ostiraletan, magia eta ilusionismoa ardatz, tokiko konpainien eskutik, bai eta bestelako proposamen batzuk ere, hala iruindarrak nola bisitariak erakartzeko, abuztuan. Sarrerak 16 euroan daude salgai, www.entradascajarural.com webgunean, Turismo Bulegoan eta Guadalupeko bastioira sartzeko txarteldegian (sarrera, edaria eta pintxoa). Hiru ikuskizunetarako txartela ere badago, 36 euroan. 12 urtetik beherakoak doan sartzen dira. Ikuskizunak 21:30erako daude aurreikusita, baina eremua 20:30ean irekiko da, eta bertan terraza- eta ostalaritza-zerbitzuak egongo dira.

Jaialdiaren atal honi hasiera emateko, abuztuaren 2an, Sevillako B612 konpainiak Fui piedra estreinatuko du: Pastro Pavónek ezagutarazi zuen Orrazien neskatoa “soleá” herrikoiaren hitzetatik abiatuta sortutako lana. Dantzariek nabigatuko dute, hegan, dantzan, bai bertikalean bai horizontalean, flamenkoaren soinu-pasaia eta elektronikoarena txandakatuz. Abuztuaren 9an, ostiralarekin, estreinaldia Italiatik iritsiko da. Eventi Verticali konpainiak Quadro on wall aurkeztuko du. Diziplina anitzeko bidaia artistiko erabatekoa da: lau dantzari harresiaren horma-atalean mugituko dira, lapitzak izara garbi batean bezala, koloreak akrobazia-jauziak eta aire-hegaldiak margotzeko prest dagoen mihise huts batean bezala. Pertzepzio-aldaketako jolas batean, ikuspuntuak nahasi eta plano horizontal nahiz bertikalak korapilatuko dira, ikuslearen begiak ere nahastuz.

Abuztuaren 16an, larunbatarekin, La Glo Circo izango da berriro Guadalupeko bastioian, oraingoan Estampades konpainia katalanarekin. Dantza- eta proiekzio-ikuskizuna da, unibertsoaren taupada-partituraren barruan hunkitzen gaituen notari buruz hausnartzera garamatzana. Zuzeneko musikarekiko sinbiosia ere egongo da. Carlos Sagi eta Jon Urrutia arduratuko dira ikuskizun berriari zein horren agertoki den inguruari doitzen zaion giroa sortzeaz.

Harresiak dantzan jaialdiaren VIII. edizio honetan, ikuskizun nagusiaren aurretiko hiru proposamen osagarriak ilusionismoaren ingurukoak izango dira. Pedro III.a ilusionistak (abuztuak 2) eta Hodei magoak (abuztuak 9 eta 16) aurkeztuko dituzte familiartean parte hartzeko hiru proposamen, magiaz, mentalismoz eta humorez josiak. Halaber, hiru ostiral horietan musika jarriko dute tokiko DJ hauek, eremua jendearendako irekitzen denetik itxi arte, giroa alaitzeko: DJ Funk Fatale (abuztuak 2), DJ Nana (abuztuak 9) eta DJ Netanyahu (abuztuak 16).

Dantza zoroan

Abuztuko lehenbiziko hiru larunbatetan, arratsaldean, berriro ere izango dira dantza-ikuskizunak Zaldi Zurian, Dantza zoroan-en beste edizio honetan. Hiru parkour-konpainiak ibilbideari ekingo diote, 20:00etatik aurrera, harresiko inguru horretan, ikusleak harresian bideratuta, txokoz txoko.

Compagnie Illicite Bayonne izango da lehena, Arnaud Pérezekin eta Paloma Hurtadorekin. Abuztuaren 10ean (larunbatean) Hermanas Gestring, Evgenie Melentyev eta José Agudo arituko dira. Eta 17an (larunbata ere) hauen txanda: Isabel Mata, Simon Thierre eta Benjamín Fury zein Menphs. Ikuskizun guztiak Carmen Larrazek koordinatuko ditu. Zaldi Zurian hasita, taldeak hiriko zenbait gunetan barna arituko dira, Jito Alai pilotalekuan eta San Jose plazan, besteak beste.

Iruña Ilunabarrean: kultura, zientzia eta energia berriztagarriak O-ko Andre Maria plazan

Bihar, ostiralean, Iruña Ilunabarrean ekimenak berriro helduko dio kulturaren, zientziaren, teknologia berrien eta energia berriztagarrien aldeko apustuari. Ostiraletan, uztailaren 19tik irailaren 6ra, O-ko Andre Maria plaza kulturgune nagusi bihurtuko da, bertan erakutsiko baitira dantza garaikideari, musikari, zirkuari eta magiari loturiko ekimenak. Jarduerak doan izango dira, eta nahi duen edonork parte hartzekoak. 19:00etan hasi eta 22:30an bukatuko dira.

Iruña Ilunabarrean atari zabalean egiten den doako kultur jarduera bat da, etorkizuneko gizartearendako giltzarri nagusiak txertaturik dituena. Kulturari eta horren askotariko adierazpideei zientzia, artea, teknologia berriak eta energia berriztagarriak eransten zaizkie. Zentzu osoz erantsi ere, eguzki-instalazio fotovoltaico txiki batek sorkuntza artistikoen berezko baliabide teknologikoak erabiltzeko behar besteko energia elektrikoa sortzen baitu. Hori guztia 19:00etatik 22:30era egiten da, hirian udako ilunabarrak hasten diren orduetan zehazki, horrela une horietako argitasun berezia nahastuz egunez eguneko adierazpen artistikoen kromatismoez.

Iruñeko Udalak O-ko Andre Maria plazan antolatzen du ekimen honen programazioa, Concienciarte elkartearekin. Bihar, ostiralean, emango zaio hasiera programari, Andrea Irurzun eta Nerea Vicandiren dantza garaikideaz, Femenina o lo que me dé la gana lanaz. Hilaren 26an, ostiralarekin, zuzeneko musikaren txanda izango da: Juárez talde nafarra. Abuztua hasita, 2an, Circonciencia-ren Phízate zirku-antzerkia; 9an, Historia inventada de la música inventada kontzertu didaktikoa, Neonymus-en eskutik; 16an, dantza eta musika Eflirkoa eta Karrikanekin; 23an, zuzeneko musika Estefanía de Paz eta Gorka Pastorren eskutik, eta 30ean (ostirala), Hodei magoa. Iruña Ilunabarrean irailaren 6an amaituko da: Art5 eta Kaligramak-en sormen-lantegiak, eta DJ saioa, Chesteruno eta Natxoren eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!