Osasun zentroek udako ordutegia izanen dute sanferminen ondoren

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 4a, 07:42

Arratsaldeko ohiko kontsulta guztiak 8:00etatik 15:20ra artatuko dituzte oinarrizko zonako ohiko profesionalek.

Lehen Arretako Kudeatzailetzak beste urte batez uztaileko eta abuztuko ordutegia berrantolatu du Iruñeko osasun-zentroetan, osasun-laguntza herritar guztiei bermatu eta osasun-arloko profesionalen plantillaren opor-atsedenerako eskubidearekin bateragarri egite aldera.

Neurri hori Lehen Arretako taldeen zuzendaritzekin adostu da, 2018ko udako denboraldirako egindako moduan.

Zehazki, udako ordutegia aplikatuko da uztailaren 15etik irailaren 1era bitarte, eta, denboraldi horretan, Iruñeko osasun-zentroetako ohiko kontsulta guztiak oinarrizko zonako profesionalek artatuko dituzte 8:00etatik 15:20ra bitartean. Irailaren 2an, astelehenean, osasun-zentro horietan ohiko ordutegia jarriko da abian Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearen Lehen Arretan.

Datozen egunetan, informazio-kartelak jarriko dira Iruñeko osasun-zentroetan, udako ordutegi horren berri emateko eta urte osoan zehar arratsaldez ematen diren kontsulta guztiak goizez artatuko direla adierazteko. Informazio-kartelak gazteleraz nahiz euskaraz egongo dira.

Osasun Departamentuak adierazi du neurri hori ez dela arrazoi ekonomikoak medio hartu, baizik eta laguntza-eskaera nabarmen jaisten delako udako hilabeteetan. Gainera, aurreko urteetan, herritarrek aldaketa ondo hartu dute.

Uztailean eta abuztuan, laguntza-eskaera %35 inguru jaisten da Pediatrian eta %25 Familiako Medikuntzan.

Profesionalek opor-atsedenerako eskubidea

Ordutegiaren berrantolaketarekin, profesionalek oporrak egiteko duten eskubidea herritarrek osasun-arreta egokia jasotzeko duten eskubidearekin bateratzen da. Gainera, udako plaza hutsak kontratatzeko zailtasunek markatutako testuinguruan gertatzen da, Nafarroan ez ezik, Estatu osoan ere profesionalen egiturazko defizit garrantzitsua baitago.

Profesionalen falta bereziki nabaria da Lehen Arretan Familiako Medikuntza eta Pediatria bezalako espezialitateetan.

Egoera arintze aldera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, datorren urteari begira, Barneko Mediku Egoiliarren prestakuntza-plazen kopurua gehitu du (40 gehiago) Familia Medikuntzan eta Medikuntza Komunitarioan (BAME), osasun-profesionalen egungo gabeziari aurre egiteko erabaki estrategikoa.

Halaber, Familia Erizaintzako eta Erizaintza Komunitarioko (BAEE) 6 profesional espezialistaren prestakuntza abian jarriko da. ​​​​​​​

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!