Mikel Arruabarrenak irabazi du euskarazko Iruña Hiria Nazioarteko XIII. Poesia Saria

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 20a, 18:43

Lehiaketan 366 olerki-bilduma, 357 gaztelaniaz eta 9 euskaraz, aurkeztu dira eta, aurreko urteetan bezala, Interneteko parte-hartzea hazi da.

Aitor Francos Ajona gaztelaniazko modalitatean eta Mikel Arruabarrena euskarazkoan izan dira Iruña Hiria Nazioarteko XIII. Poesia Sariaren irabazleak. Plikak irekitzeko eta izenak ezagutzera emateko ekitaldia eguerdian egin da Kondestablen, eta honako hauek hartu dute parte: María Caballero zinegotzi ordezkaria, Javier Torrens Ateneoko lehendakaria, Javier Asiáin Literatura eta Hizkuntzalaritza saileko kide eta gaztelaniazko epaimahaiko idazkaria, bi epaimahaietako kideak eta José Luis Allo Ateneoko kide eta poesia-sariaren sortzailekidea.

Sariak urteko azken hiruhilekoan banatuko dira: 3.000 euroko diru-sari bana eta olerki-bilduma irabazleen argitalpena. Lan irabazleak Hiperión argitaletxeak emango ditu argitara, gaztelaniazko modalitateko irabazlearen kasuan, eta Denonartean argitaletxeak, euskarazkoarenean.

Arruabarrenaren bertsoen indarra nabarmendu du epaimahaiak 

Mikel Arruabarrena Larrartek (Hondarribia, 1994) Poemak ahanzturaren bezperan lana aurkeztu zuen. Egun doktoretza ari da egiten, Fisikan, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisika Zentroan, Donostian. Literatur esparruan Hondarribian antolatzen den euskarazko poesia-lehiaketa baten bidez hasi zen, horretara aurkeztu eta zenbaitetan irabazita, udalerri horretako institutuan ikasten zuen garaian.

Epaimahaiaren arabera, hauek dira lan honen bereizgarririk behinenak: indarra, erritmo ona, lerroak eraikitzeko teknika oso zorrotza eta landua, eta gaia, nolabait iradokitzen zuena egilea gaztea izan litekeela. Lan hau ere aho batez hautatu du epaimahaiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!