Kulturak herri kultura tradizionala zabaltzeko proiektuetarako laguntzak eman dizkie hamabost nafar entitateri

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 3a, 19:27

80.000 euroko guztizko zenbatekoa duela, deialdiak bertsolaritza, dantza, musika eta ondare immateriala gisako gaiak barne hartu ditu.

Nafarroako Gobernuak, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, herri kultura tradizionala zabaltzeko proiektuei zuzendutako Sustraiak-Raíces 2019 laguntzak Nafarroako hamabost kultur entitateri ematea erabaki du. 80.000 euroko guztizko zenbatekoa duela, deialdiak askotariko proiektuak garatzen laguntzea du helburu hainbat esparrutan; hala nola, bertsolaritza, dantza, musika, ondare immateriala, dokumentazioa eta kultur programazioak.

Laguntza hauen bitartez, nafar kultura-ondarearen balioa nabarmentzeko jarduerak gauzatzen dituzten elkarteak indartzen lagundu nahi dute.

Hauexek dira diruz lagundutako kultur entitateak:

- Nafarroako Bertsozale Elkartea: 9.600€, Nafarroa Bertsotan – Nafarroan bertsolaritza sustatzea proiektua gauzatzeko, Nafarroan zehar antolatzen diren hainbat ekintza eta ekitaldi barne hartuz. Bertsolaritza herri kultura tradizionalaren adierazpidetzat zabaldu eta ezagutzera ematea da proiektu honen helburua, beste diziplina batzuk ere aintzat hartuz: musika, antzerkia eta literatura, topaketak, hitzaldiak eta zikloak. Guztira, 22 ekitaldi aurreikusita daude 2018ko azaroaren 15etik 2019ko abuztuaren 28ra bitartean.

- Ortzadar Euskal Folklore Elkartea: 3.900 euro, Nafarroako ondare immateriala ezagutzera ematea xede duen Ortzadarren 2019ko Kultur Zikloa proiektua gauzatzeko. Ondare immaterialaren ikerketa, erregistro dokumentala eta zabalkundea errazteko ekintzak biltzen ditu, honako hauek barne hartuz: Dantza Tradizionalaren Behatokiaren garapena, folkloreari buruzko ikerketa-txostenen digitalizazioa, Ortzadarren Folkloreari buruzko XXXIV. Jardunaldiak eta formakuntza eta zabalkunde arloetako proposamenak.

- La Pamplonesa Kultur Elkartea: 2.150€, Cervantesengandik Turrillasengana proiektua gauzatzeko. Silvanio Cervantes izan zen La Pamplonesa Iruñeko lehendabiziko banda zibilaren sortzailea eta zuzendaria, hainbat konposizio idatzi zituelarik. Manuel Turrillas ikasle porrokatuaren irakaslea ere izan zen, baina azken hau ahantzita gelditu da aurrekoaren itzalpean. Cervantes familiaren bitartez, errepertoriorako eta herritarrendako berreskuratuko den musika ondare insteresgarria aurkitu da.

- Euskal Dantzarien Biltzarra: 9600€, Dantzaz, bidea egiten, bira ta bira proiektua gauzatzeko. Hiru jarduera ditu:

“Iruñerria Dantzabira”, Iruñeko nahiz Iruñerriko (Berriozar, Burlata, Barañain, Noain eta Atarrabia) dantza-taldeen bira; “Bideko Dantzak”, abuztuan eginen den Donejakue Bidean inspiratutako musika eta dantza ikuskizuna; eta “Udaleku”, udan egin beharreko 7 eguneko topaketa, 5 urtetik gorako dantzari federatuei zuzendutakoa.

- Olentzeroren Lagunen Elkartea: 9600€, Olentzero 2018 Iruñean proiektua gauzatzeko. Iruñeko kaleetan barna antolatzen den Olentzeroren desfileari atxikitako ekintzak biltzen ditu; hala nola, kartel lehiaketa, aldizkari baten argitalpena, Txondorra saria, abenduaren 22an Geltokian egiten den haurrendako festa, Baluarteko abenduaren 9ko Negua Kantuz deritzona eta Kondestableko sukaldaritza jardunaldiak.

- Elutseder Elkartea: 1.125€, Erroak: mugako lurraldea proiektua gauzatzeko. Erroibarreko muga aldeko naturari lotutari kultur ondare tradizionala bistaratu eta ezagutzera emateko ekintzak biltzen ditu, eskualdeko historian eta ohituretan utzi dituen aztarnak aintzat hartuz. Kontrabandoa da 2019ko aztergaia.

- Altzadi Leitzako Kultur Elkartea: 4.000€, Orantzaro, Leitzako Olentzero proiektua gauzatzeko. Elkarteak gaiari buruzko ikerketa landu du azken 10 urteotan eta, horri esker, Olentzeroren inguruko aurkikuntza etnografiko interesgarriak egin ditu, egun indarrean dagoen Olentzerorekin hainbat alderditan (generoa, erritualak, esanahiak, etab.) zerikusi txikia duen irudikapen berri bat eragin duelarik. Mitoari eta honi atxikitako erritualei buruzko testigantzak, agertokiak eta berezko osagaiak bilduko dituen ikuskizuna lantzea aurreikusi da, irailean aurkezteko xedez.

- Angiluerreka Elkartea: 1.800€, Agramondarren eta beamondarren arteko bakearen sinaketaren antzezpena proiektua gauzatzeko. Agoitzen antolatuko da gertakari historikoa gogoratzeko ekitaldia, horren fase guztiak (gerra, bakearen ospakizuna eta bestelakoak) islatzen dituzten dantzen eta doinuen bitartez. Ekitaldia irailaren 28an egiteko asmoa dago, herria girotuko duten apaingarriak eta desfileak tarteko.

- Irati Bortuak Elkartea: 7.081,75€, Aezkoa, ari ta orratz ikerketa-proiektua gauzatzeko, Pirinioez bi aldeetako nafar eta frantziar ibarretako jantzi tradizionalei buruz. Honen bitartez, Aezkoako herrietako etxeetan aurkitu dituzten jantzien inbentarioa egiteaz gain, erakusketa bat antolatu nahi dute udarako ikerketaren egungo egoera ezagutzera emateko, bestelako alderdi osagarriekin batera; hala nola, ehule, jostun eta joskinen lanabesak, eta mundu honen inguruko euskarazko hitzak (arropa, arreoa, lanak, etab.).

- Oberena Erakundea: 3.464,79€, Azpilagañako Ezpata-dantza. Dantzari Txikien VI. Jaiaproiektua gauzatzeko. Bi jarduera dira: lehenengoa, ezpata-dantza, hainbat koreografia eta jantzi jatorrizko doinuekin uztartuz sortu berri den dantza errituala da. Urtero abenduaren 23an errepikatu beharreko tradizioa sortzea da helburua, Azpilagañan Olentzeroren etorrera ospatzeko.

Bigarren jarduera Oberenako Dantza Atalak antolatzen duen neska-mutilendako dantzari topaketa da. 2019koa maiatzaren 5ean egin zen.

- Duguna Folklore Taldea: 4.865€, Ezpalak dantza tradizionalaren nazionarteko jaialdiaproiektua gauzatzeko. 2019an hamahirugarren edizioa bete duen dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdi hau Iruñean antolatu zen maiatzaren 11n. Ezpalak izenak iradokitzen duenez, gai berari buruzko aldaerak dira erakustaldiaren osagaiak. 2019an, kontradantzak izan dituzte aztergai eta Suedia, Biarno, Biarritz, Luzaide, Eibar eta Iruñeko taldeek parte hartu dutea.

- Garaitzeko ASI Kultur Elkartea: 5.300 €, Gure sustraiak III proiektua gauzatzeko. Oraingoan hirugarren etapa beteko dituen proiektu honen bitartez, Auritz herriak bertako kultur ondarea, musika programazioa, herri kirolak, aitzain-txakurrak, artisautza zein historia, natura eta abarrei buruzko hitzaldiak tarteko dituen programazioa garatzen du urte osoan.

- Jo ala jo Kultur Taldea: 5.390€, Mutildantza eguna: Piriniotan Dantzan proiektua gauzatzeko. Baztango folklorean sakontzea da proiektu honen helburu nagusia, eta 2019ko edizioan Moneidarrak dantza izanen du aztergai. Monein Pauetik hurbil dagoen Biarnoko herria da, eta horren azterketaren bitartez, herri kulturaren adierazpideen ikerketatik ezaguerak, metodologia eta azterketarako tresnak erdietsi nahi dituzte. Apirilean eta maiatzean antolatuko dira aurreikusitako jarduerak, formakuntzakoak zein performatiboak.

- Orreaga Fundazioa: 8.540€, Orreaga 778 proiektua gauzatzeko. Kristandadearen eta Nafarroaren historiako gertaerarik garrantzitsuenetakotzat jotzen dena ezagutzera ematea du helburu: Orreagako 778ko eta 812ko guduak eta Iruñeko Erresumaren sorrera 824an. Bakea eta herrien eskubideak dira aurtego edizioaren ardatz nagusia. Abuztuaren 4tik aurrera, hainbat ekitaldi antolatuko dira, eta hilaren 15ean, oroimenezko ekitaldia eginen da Orreagan eta Ibañetako lepoan.

- Banden Federazioa: 7.848€, Atzoko nafar musika egungo belarrietarako proiektua gauzatzeko. Nafar konpositoreek egindako bandetarako musika berreskuratu eta ezagutzera ematea xede duen lana, hainbat fasetan banatuta dagoena: ikerketa eta sailkapena, partituren argitalpena eta berrikuspena eta, azkenik, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren esku uztea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!