Apustu etxeen kontrako herri mugimendua sortu berria da Sanduzelai auzoan. Iruñeko zenbait tokitan apustu etxeak zabaltzen ari direlako kezkatuta daude bizilagunak. "Fenomeno bereziki kezkagarria da eta Iruñeko zenbait auzotan zabaltzen ari dira etxengabe halakoak", adierazi dute. Etxabakoizen, Arrotxapean eta Buztintxurin ireki dituzte apustu etxeak azken urteotan. "Apustuek adikzioa sortzen dute, eta beste droga batzuk ez bezala, ez dute adikzio horren berririk ematen", diote. Apustu egitea edonoren esku dagoela ohartarazi dute "ia taberna guztietan egin daiteke eta edozein txokotan daude apustu egiteko makinak", jakinarazi dute.
Apustu etxeek elkarbizitza arazoak sortzen dituztela ere uste dute. Gazte asko ari dira bertan elkartzen, zaborra sortzen da kalean, goizaldeko ordu txikitan zarata eragiten dute eta liskarrak ere izaten direla adierazi dute. "Bezeroak ez dira arazoa, haiek biktimatzat hartu daitezke. Beste aisialdi mota bat da aldarrikatzen ari garena, auzoari bestelako eskaintzak eskaintzeko beharra", azaldu dute. Apustu etxeak "kontrol sozialerako eta jendartearen deskatibaziorako" tresna dira botere politikoentzat, euren ustez.
Apustu etxeei aurre egiteko mugimendua
Hiru eremutan jardun nahi du Sanduzelain sortu berria den mugimenduak:
1. Apustu makinen instalazioa tabernetan debekatzearen alde ariko dira.
2. Apustu etxeen publizitatea debeka dezatela eskatzen ari dira.
3. Auzoan zabaldu dituzten bi apustu etxeen, 'Codere' eta 'EuroVegas' isteko lan eginen dute.
Deialdia ere egin diete auzolagunei. Heldu den ostiralean, ekainaren 7ean, Karrikagunen (Ildefontso Labayengo kalean, 19.ean) asanblada irekia eginen dute eta parte hartzeko gonbitea egin dute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!