Larunbatetik aurrera sariak eskuratzeko aukera, Caritasen Tonbolan

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 23a, 13:37
Tonbola prestatzen ari dira larunbatean zabaltzeko.

Larunbatean zabalduko ditu ateak tonbolak. 0,80 euroan salduko dituzte aurtengoan ere txartelak, boletoak. Guztira 2,6 milioi txartel banatu nahi dituzte. 

Trukean, sariak: zuzenean txartelek emanen dituztenak, elkartu beharreko boletoek emanen dituztenak eta zozketa bidez iritsiko direnak. Zuzenekoetan daude adibidez: bost kotxe, moto elektrikoak, bizikletak, hondartzan igarotzeko oporraldiak, hoteletan pasatzeko gauak, telebistak, urdaiazpikoak, etxean erabiltzeko tresneria, elikagaiak... zozketa bidez banatuko dituzte berriz, 2.500 euroko txartelak Alde Zaharreko merkataritzan erosketak egin ahal izateko. 

Goizez eta arratsaldez zabalduko dute tonbola aurten ere eta sanferminak iritsi bitartean asteburuetan Caritas Gazteak kolektiboak haurrentzako ekitaldiak eskainiko ditu Sarasate pasealekuan. Tonbola horretatik ateratzen den diruarekin zer egiten du Caritasek? Bada behar gehien duenari arreta eskaini. Bereziki harrera zerbitzua eskaintzen du, zentro okupazionala, ikuskatutako etxebizitzak ditu eta nazioartera laguntza ere bideratzen du. Hori guztia, tonbolatik ateratzen den diruarekin baina baita herentzietan, Elizek jasotzen duten diruarekin, norbanakoek egiten dituzten ekarpenekin eta beste. Beharrak asko dira oraindik: "Nafarroara iristen direlarik jendeak gugana jotzen du laguntza eske. Behar handia dago esaterako etxebizitza alorrean", esan du Iriartek. 

Bitxikeriak eta datuak

Tonbolari buruz, datu bitxiak ere badira: 1945ean inauguratu zuten lehenengoz uztailaren 6an. Urte hartan 380.932 pezeta irabazi zituztela, alegia, 2.290 euro. Egun, 300.000 euro ateratzen dira tonbolako salmentetatik. Boletoen paperak egiteko tresna berriz, 1985ean sortu zen eta ordutik 156 kilometro paper behar izan dira horiek guztiak inprimatzeko. Uztailaren 14a izaten da boletorik gehien saltzen den eguna. Tonbolan, 150 boluntarioren lana ezinbestekoa izaten da aurrera egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!