Iruñeko parkeak, begirada bakarrean

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 22a, 09:45

21.500 esku-orri tolesgarri argitaratu ditu Udalak. Natur ondarea bizilagunen eta bisitarien artean ezagutarazteko. Bertako animalia- eta landare-espezieak jasotzen dituzte, haietan dauden eskulturen kokapenaren eta egilearen berri ematen dute, dituzten zerbitzu eta jarduerak, eta bestelako bitxikeriak.

Iruñeko herritarrek eta hiria ezagutzera etortzen direnek badute jada Iruñeko parkeei buruzko berariazko esku-orri tolesgarria, hiriaren XIX eta XX. mendeetako arkitektura, historia eta artea ere jasotzen dituena. Esku-orria Udalak argitaratu du, Iruña berdea da izenburupean, eta Udalaren Turismo bulegoan har daiteke, Udaletxe plazan. Edukietan, bai bertokoentzat bai bisitarientzat, berdeguneek hiriko ingurumenean duten garrantzia azpimarratzen da, horien bioaniztasunagatik eta zabaleragatik, izan ere, Iruñeko azaleraren % 15 estaltzen dute.

Hautatutako parkeak, hauexek: Taconera, Ziudadela, Media Luna, Arga ibaiaren parkea zein Yamaguchi eta Galaxiako Lorategia. Gainera, batetik bestera erraz ibil daiteke. Esku-orriak kokapen-planoa eskaintzen du, parkeen berri emateko; eta bakoitzean zer ikusi, xehetasun-planoetan. Bertan bizi diren animaliak eta landareak ere deskribatzen dira; eta, bestetik, informazio praktikoa eta bitxikeriak jasotzen dira. Badauden zerbitzuak ere aipatzen dira, hauek esaterako: garraio publikoaren geralekuak, aparkalekuak eta eremu urdina, komunak, doako wifi-eremua, iturri eta askaldegiak eta atari zabaleko gimnasioa.

Esku-orriak QR kodeak dauzka, ikusmina duen ibiltaria webgune espezializatuetara daramatenak, adibidez,, ibai-parkearen berariazkoa, hegaztiak ezagutzeko den seo-birdliferena edo www.iruna.eus webgunea bera. Inprimatu diren aleak 21.500 dira (gaztelaniazko 10.000, euskarazko 3.500, ingelesezko 5.000 eta frantsesezko 3.000).

Uda honetan Iruñeko Udalak berriro eskainiko ditu parke historikoetarako bisita gidatuak, udaberrian Iruña loretan programaz hasi zirenak eta lekuen % 100 bete zituztenak – leku kopurua handitu ostean bete ere–. Gainera, uztail eta abuzturako, jarduerak aurreikusi dira hiriko hainbat berdegunetan, kontzertuak eta ihes-jokoak, esaterako.

“Nortasuneko” berdeguneak
Iruñeko parkeetako batzuk, Belle Époqueko Parkeak direlakoak, natur ondarea ez ezik kultur ondarea ere badira. Adibidez, Taconera, Iruñeko erdialdean, harresiko mihiseen marraketa jarraitzen duena, Oteiza, Aizkorbe, Eslava eta Sada egileen eskultura eta monumentu ikusgarriez lagunduta; bestalde, zoo txiki bat ere badauka. Egitura modernistako Media Luna parkeak izaera berbera dauka.

Baita Ziudadelak ere; bere barne- eta kanpo-belardiak –Gaztelugibel– “gaztelu moderno” baten egiturari lotuta daude, harresitutako pentagonoak “gotor-hiriko” garaia eratu zuelarik. Bertako eraikinek Iruñeko arte-erakusketarako eremurik handiena bilakatzen dute parkea, Kultura Garaikideko Hiriartea Zentroak mantenduta.

Era berean, bisitarientzat gune tematiko gisa ere interesgarriak izan daitezke eremu hauek: Yamaguchi parkea, Iruñearekin senidetutako hiri japoniarraren opariaren emaitza; eta bertan, hiriko Planetarioaren ondoan, berriki sortutako Galaxiako Lorategia, izaera zientifiko eta berritzailekoa, birtualean birtuosoki, gailu mugikorren bidezko interpretazioko jolas interaktiboa eskaintzen duena. Iruñeko eta horren ur-ibilguen (Arga, Elortz eta Sadar) kokapenak pasealdia eta kirola egitea ere ahalbidetzen du, ibai-parkeko 25 kilometrotan, hiri-ibaiertzak leheneratzeko 80ko hamarkadan hasitako ahaleginaren erakusle delarik.
 
Hiri-bioaniztasuna, bizi-bizi
Iruñeko parkeek zuhaitz-espezie ugari dauzkate, jatorri ezberdinetakoak. Hauek esaterako: sekuoia amerikarrak, Atlaseko zedro afrikarrak, sahats negarti asiarrak eta izei gorri europarrak; horiekin batera, soforak, gaztainondoak, ginkgoak, etab. Era berean, zuhaixkez apaindutako guneak eta lore-parterreak ikus daitezke, diseinuak aldatuz doazelarik, espezieak, garaierak eta koloreak nahastuz, bisita bakoitzean paisaia berri bat erakusteko.

Gainera, parkeetan anfibioak, herrestariak, ugaztun txikiak eta hegazti ugari badaude, hiri-ingurunea bizitoki bilakatzen dutenak: buztanikara zuria, buztangorri iluna, usapala, zozoa, txantxangorria, etxe-txolarrea, txirriskila arrunta, sorbeltza, mirua eta belatza. Iruñean adi dagoen ibiltariak txantxikuak zein dragoitxoak eta urtxintxak zein igarabak ere antzeman ahal ditu, hegazti ugari eta saguzarrez gain. Belatz, hontz eta saguzarrentzat mota ezberdinetako habia-kutxak paratu dira. Hiriko bioaniztasun-adierazlea igotzearekin batera, animalia horiek hiri-bizitzaren baldintzak hobetzen laguntzen dute. Adibidez, gau-saguzar ertainak eguneko 1.000 eltxo jan ahal ditu; kaskabeltz handiaren menuan ezpeleko sitsa dago; eta amilotxak pinu-beldarra harrapatzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!