Iruñeko Udalaren gidaritza berresteko prest azaldu da EH Bildu

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 9a, 13:54

Aritz Romeo, Maider Beloki, Joseba Asiron, Joxe Abaurrea eta Patricia Perales.

Udal taldeak nabarmendu du legegintzaldi honek agerian utzi duela Aldaketak “hiri eredu” bat duela eta “gobernatzeko beste eredu bat”, aldiz, beste batzuek ez dutela proiekturik “Erregimena, dietak eta pribilegioak berreskuratzea” besterik.

EH Bildu irabaztera aterako de Iruñeko maiatzaren 26ko hauteskundeetan, eta sinetsita dago legegintzaldi honetan egindako lanak posible egingo duela berriro ere udal gobernuaren buruan izatea. Halaber Aldaketa posible egin duren indarren arteko elkar ulermenaren alde agertu da. Hala azaldu du Joseba Asiron Iruñeko alkatetza berresteko hautagaiak, EH Bilduren udal talde osoarekin batera egindako prentsaurrean. Maider Beloki, Joxe Abaurrea, Patricia Perales eta Aritz Romeo alboan dituela, Joseba Asironek adierazi duenez, “etorkizuneko Iruñearen oinarriak ezartzeko gai izan gara, guregan hartu genituen konpromiso gehienak aurrera atera ditugularik, eta bereziki, modu eskuzabal eta zintzoan ahalegindu gara 2015ean makila eman gelion jende andana horri ez hutsik egiten”.

Etorkizunari begira, alkatetza errepikatzeko hautagaiak azaldu du lehentasuna “Iruñea justu eta solidario baten alde egitea dela; konprometitua eta elkarbizitzan oinarritua; berdea, jasangarria eta ireki; parekide eta partehartzailea; ekonomikoki osasuntsua eta publikoaren alde egiten duena; hiri prestatua eta etorkizunekoa”. Asironek aitortu du konpromiso horiekin betetzea posiblea dela “jada agerian utzi dugun moduan”, baina azpimarratu du horretarako ezinbestekoa dela “2015ean aldaketaren alde egin zuten pertsona guztiek berriro aldaketaren alde egitea eta ondokoak ere animatzea”. Era berean, nabarmendu du zein izango den datorren legegintzaldirako apustua: "irabaztera goaz eta gobernatzeko xedea dugu. Hauteskunde hauek plebiszitu bat izango dira atzoko Iruñearen artean, Navarra Suma eta Enrique Mayak ordezkatzen duten iragana, eta EH Bilduk gidatuko duen etorkizuneko Iruñearen artean. Argi adierazi du “aldaketa berrestea” dela xedea “aldaketa, hori posible egin zuten eragile eta espazioekin.

 

"Aldaketa ez da eslogan bat bakarrik, ez da kontzeptu huts bat edo hitz soil bat… aldaketa milaka eta milaka lagunen desira da, hamarkadetan isilduak izan diren pertsonena, aurrerakoiak sentitzen direnen itxaropen adierazpena, aniztasuna altxortzat dutenena eta herri honetako aniztasunaz harro sentitu eta aitortzen dutenena… Eta bereziki, pertsonak benetako lehentasun bezala hartzen dituzten guztiena”, adierazi du.

 

Hiri eredu berria, gobernatzeko beste eredu bat

Maider Beloki, kultura zinegotzia eta EH Bilduko zerrendako bigarrena, izan da legegintzaldiaren balorazioa egin duena. Nabarmendu du “xahuketa, dietak, bazterkeria eta errepresioa protagonista izan diren hamarkaden ostean erakutsi dugu badagoela gobernatzeko beste eredu bat, herritarrak entzuten, aniztasuna errespetatzen, ahotsa ematen, pertsonen interesak lehenetsiz eta publikoa defendatuz, eta ez guztion dirua xahutuz”. Adibide gisara gogora ekarri ditu auzo foroak, haur eskolak, gertuko polizia eredua, larrialdi egoeretarako etxebizitza politika, Erorien inguruko ekintzak edota “burutu den kudeaketa ekonomiko bikaina, Udala UPN eta PSNk utzi zuten zenbaki gorrietatik ateratzeko”.

Oposizioari dagokionez, Joxe Abaurrea zinegotziak eta zerrenda hirugarren doanak, oposizioaren lana baloratu du eta Labriteko pasarelarekin gertaturikoa ekarri du gogora UPNren Gobernuen “metafora” gisara: “Dena dirua xahutzea eta dena itxura, baina harraskatzen hasi eta usteldurak agertzen dira, zatika erortzen ari dena, inolako oinarririk gabe; eta are okerragoa dena, helburu bakarra duena: desmuntatzea eta ordezkatzea”. Gogora ekarri du gainera eskuinaren estrategia izan dela “polemikak sortzea, konfrontazio hutsala luzatzea, garrantzirik gabeko gaietan sua eragitea eta udal bizitza epaitegietara eramatea, Udalarenak diren eskumenak ere kolokan jartzeraino”.

PSNrei dagokionez, adierazi du “zenbakiek bere kabuz hitz egiten dute eta bozketen %95ean UPNrekin batera bozkatu dute, diskurtso bera errepikatuz, eskuinaren argudioak barneratuz, eta batzuetan, urrutiagora ere iritsiz. “Argi dago PSNren Iruñerako proiektua eskuinaren proiektua dela”, eta bukatzeko, nabarmendu du “PSN Erregimenaren zutoin oinarrizkoa da eta zoritxarrez, aukera izanez gero, berri erregimena berretsiko du”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!