'Manifestu bat' antzezlana eskainiko du Miren Tirapuk Nafarroako Antzerki Eskolan

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 8a, 08:36
Miren Tirapu antzezlanean.

Nafarroako Antzerki Eskolan taularatuko da, 20:00etan; sarrerek 8 euro balio dute, oro har, eta taldeendako, 5 euro

Beheko Larraine konpainiak buru emango dio asteazkenean, maiatzak 8, gazte zein helduendako Antzerki Aroa zikloaren udaberriko edizioari; nola eta oholtza gainera eramanez Manifestu bat komedia kritikoa, umorea eta ironia uztartzen dituen lana. Emanaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izango da, 20:00etan. Sarrerak eskuragarri daude jada, online, NAEko webgunean (www.laescueladeteatro.com) eta aurrez aurre, eskolako leihatilan. Sarrerak 8 euro balio du, eta taldeentzat 5 euroko tarifa murriztua dago.

Manifestu bat bizitzari zein heriotzari emandako begiratu ironikoa da, halabeharrez baztertuta bizi eta bere agurrean azkenik arretagune izatea lortuko duen pertsonaia ardatz. Orduantxe, haren barne-ahotsak agerian jarriko dira, eta hileta den “ospakizun handi” horretan gonbidatu bihurtutako ikusleen begiradak bereganatuko dituzte. Horrela sortuko da ikusleekiko harreman estu eta intimoa.

Protagonistaren hitzetan, bizitza eta heriotzarekiko begirada ironikoa da, begirada anitzak, alegia, errealitate desberdinak plazaratzen dituztenak. Kontraesanak abiapuntu, hitzak eta ekintzak sortu ditu, ikuskizuna mamitu bitarte, bi osagaiez osatutako eszenografia batean, non antzezlearen gorputzaren inguruko jolas interesgarria eskaintzen baita. Horrez gain, generoari buruz hausnartzeko gonbita egiten digu, pertsonaiak, nahita, ez baitu generorik islatzen.

Miren Tirapu Iruñean jaio zen 1981ean. Kataluniako Centre de Estudis Cinematografics-en diplomatu zen. Aktore eta zuzendari gisa ere jaso du prestakuntza, adibidez, Bartzelonan María Stoyanovarekin, Poloniako Grotowski Institute-n eta Kubako E.I.C.TV-n. Antzerki tekniken inguruko ikerketak egin ditu baita ere Maria Stoyanova-rekin Bartzelonan. Hainbat konpainiatan ibili ostean, besteak beste Artedrama, Dejavú Panpin eta Le petit Théâtre de Pain konpainiatan, Beheko Larraine abiatu zuen, eta horretan aritzearekin batera lantegiak egiten ditu haur zein helduentzat. Halaber, hainbat ikastaro eman ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!