Iruñeko Udalak 9,7 milioi euro bideratuko ditu auzoetarako, mugikortasunerako, etxebizitzak eraberritzeko eta azpiegiturak hobetzeko

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 2a, 13:52

Itziar Gomez, Joseba Asiron, Patricia Perales.

9,7 milioi euro izanen dira guztira eta EH Bilduren, Geroa Bairen, Izquierda-Ezkerraren eta PSNren babesarekin onartuko dituzte heldu den asteko osoko bilkuran. 

Auzoetan Planak garatzeko, mugikortasunean aurrera egiteko, etxebizitzak eraberritzeko eta azpiegitura publikoak hobetzeko baliatu nahi ditu Iruñeko Udalak Inbertsio Jasangarrietarako dirua. 9,7 milioi euro izanen dira guztira eta EH Bilduren, Geroa Bairen, Izquierda-Ezkerraren eta PSNren babesarekin onartuko dituzte heldu den asteko osoko bilkuran. Akordioetara iristeko ahalmena eta kudeaketarako gaitasuna azpimarratu ditu Joseba Asironek. Izan ere, desberdinen arteko ulertzea lortu dute. Alderdi sozialistaren jarrera ere aipatu du: "Legealdiaren bigarren zatian alderdi sozialistaren jarrera irekiagoa izan da eta akordioetara iristeko aukerak zabaldu ditu". 

Iruñea kohesionatuagoa lortzeko bidean eta bizilagunen bizi kalitatea hobetzen segitzeko inbertsioak izanen direla uste du Geroa Baiko Itziar Gomezek.

Zertara bideratuko dute dirua?

Finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioetarako bada betekizun bat: partida bakoitzean islatutako gastua 2019 honetan bertan baimendu behar da, nahiz eta lanak 2020an gauzatu daitezkeen. Finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioetan Auzoetan Jarduteko Planaren barruko jarduketak daude, eta lau multzotan sailka daitezke. 840.000 euro gorde dira bide publikoetako jarduketetarako; besteak beste honako kopuru hauek aurreikusi dira: 255.000 euro asfaltatze-kanpainetarako eta zoladurak berritzeko; 200.000 euro Etxabakoizko Urdánoz multzoaren inguruan esku hartzeko; 100.000 euro Arrosadian espaloiak berritzeko; 65.000 euro Mendillorrin espaloiak berritzeko, eta beste 100.000 euro Azpilagañako Hontzaren plazarako. Proposamenean ere beste hauek biltzen dira: 50.000 euro Sanduzelain estalki bat jartzeko Nafarroa etorbidearen eta orain patinodromoa duen parke berriaren inguruan, beste 50.000 euro jarduketak egiteko Arrotxapeko pilotalekuetan eta bertatik gertu dagoen Ximénez de Rada kaleko landan; eta 20.000 euro Arrotxapearen eta Buztintxuriren arteko zaldain baterako proiektua idazteko.

Kirolgune-inbertsioetarako, proposamenak 505.000 euro ditu. Antoniuttiko skate berria, batetik; eta, bestetik,  Sanduzelaiko futbol-zelaiko soropil artifizialaren aldaketa eta hura softballerako zelai gisa erabiltzeko egokitzapenaren azterketa, 170.000 eta 150.000 euro dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, 60.000 inbertituko dira Trinitariosko eremuan (barne hartzen da komun publikoak gaitzea); 50.000 euro Buztintxuriko aisia-gune komunitarioan, zeinarendako prozesu partizipatiboa martxan jarri baita honezkero; 35.000 euro hiri-arteko jarduketa baterako Ermitagañako kiroldegiko horma batean; 20.000 euro korrika egiteko zirkuitu bat ezarri eta seinaleztatzeko Gaztelugibelen; 10.000 euro Lezkairu-Arrosadiko gazte-parke baterako, eta beste 10.000 euro parkour- eta kalistenia-eremu baterako Mendillorrin.

Hori horrela, 200.000 euro bideratuko dira hauekin zerikusia duten bestelako inbertsioetarako: haurrendako jolasgune eta parkeak, eta estalkiak gune horietarako eta hiriko beste batzuetarako. Azkenik, 60.000 euro gorde dira Calderería kaleko udal-eraikineko komunak zaharberritu eta egokitzeko.

Etxebizitza, mugikortasuna, Emakumeen Etxea, Erdigune, ikastetxe publikoak...

Auzoetan Jarduteko Planaren ostean, milioi bat euro aurreikusi da udal-etxebizitzak birgaitzeko, etxebizitza-premiako egoeretarako (barne hartzen da II. Zabalguneko merkatuko eraikina gizarte-alokairuko etxebizitzak egite aldera birgaitzeko proiektuaren idazketa); eta 900.000 euro Iruña 30 hiria bihur dadin bideratutako jarduketetarako. Xede horretarako, kopuruak bi proiektu nagusi ditu: Txantreako igarobidea, mendebaldetik ekialdera; eta Sanduzelaiko Juaristi Doktorearen kaleko esku-hartzea, ikastetxe publikoaren ingurunetik gaur egun patinodromoa dagoen parke berriraino. Mugikortasun jasangarrirako 300.000 euroko beste partida bat egongo da, Labriteko igarobiderako.

Zuzkidura publikoez bezainbatean, finantzaz bezainbatean jasangarriak diren 2019ko inbertsioek 710.000 euro aurreikusi dituzte ikastetxe publikoak birgaitzeko eta Hegoalde ikastolako patioan estalki bat eraikitzeko; 300.000 euro gune komunitarioak hobetzeko, esaterako Arrotxapeko La Carbonilla eraikina eta Salestarren beheko eta lehen solairuak egokitzeko proiektua; beste 300.000 euro Emakumeen Etxea martxan jartzeko; 150.000 euro Donibaneko Auzo Unitatea zaharberritzeko, eta 100.000 euro San Bartolome gotorlekuko Gotorlekuen Interpretazio Zentrorako.

Sanduzelaik eta bertako Erdigune proiektuak 850.000 euro jasoko dituzte auzoko esparru zaharrenean eta gainbehera nabariena izan duen horretan hirigintza arloko eta beste arlo batzuetako hainbat jarduketa egiteko. Orobat, proposamenak 340.000 euroko inbertsioak hartzen ditu barne Taconera proiektuaren lehen faseari begira. Beste inbertsio hauek ere jasotzen dira: 50.000 euro Iruñeko hilerrian dagoen Gerra zibilak eta frankismoak eragindako biktimendako panteoia hobetzeko, 36.000 euro turismo-seinaleetarako eta 30.000 euro hiri-baratzeak egiteko.

Iruñeko Udalak gauzatuko lituzkeen finantza aldetik jasangarriak diren inbertsio horiei erantsi behar zaizkie Hirigintza Gerentziak aurreikusi dituenak, zeinek 663.000 euro jotzen baitute. Zehazki, bi jarduketa dira: batetik, Txantrea hegoaldeko parkearen lehen faseko lanak gauzatzea –363.000 euroko zuzkidura–; eta, bestetik, Arantzadi Ekoparkearen bigarren fasea –300.000 euro hori garatzeko–.

Inbertsioak diruzaintzako geldikinekin

Finantza aldetik jasangarriak diren inbertsioez gain, 1,7 milioi euro sartzen dira proposamenean, zati bat inbertsioetarako eta beste zati bat gastu arruntetarako, baina diruzaintzako geldikinak gastu orokorretarako aplikatzeari lotuak oro har. Aurreikusitakoaren arabera, 500.411,13 euro Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko gastuetarako bideratuko lirateke, funtzionamendua sendotzeko, eta, baita ere, alorrari atxikitako langileen lana indartzeko gertu diren sanferminei begira. Bestetik, 440.000 euro gorde dira Tomás Esteban kaleko aparkaleku batekin zerikusia duen kalte-ordaina ordaintzeko.

Beste 440.000 euro gizarte-ekintza eta komunitate-garapeneko jarduketetarako banatuko dira: 100.000 euroan handituko da Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko janari-zerbitzua; 70.000 euroan gizarte-larrialdietarako diru-laguntzetarako zenbatekoa; 60.000 euroan eskola-jantokietarako diru-laguntzak; 50.000 euroan jantoki sozialeko kontratua eta beste 50.000 euroan taxi-bonurako diru-laguntzak. Gainera, 50.000 euro inbertituko dira Udaleko jantoki sozialean Eguneko Zentroa abiatzeko, beste 50.000 euro altzarietan eta 10.000 euro desfibriladore bat erosteko.

Gazteriaren Etxean egiten ari diren lanak amaitzeko 150.000 euro bideratzea aurreikusi da; 90.000 Lezkairuko Haur Eskolako proiektua idazteko; 82.000 udal-langileen zereginetarako furgoneta elektriko bat erosteko; 33.500 euro Balorazio Txostena egiteko lanetarako, eta 30.000 hobekuntzak egiteko Trinitariosko aldirietako aparkalekuan. Diruzaintzako geldikinen aplikazioa ere Hirigintza Gerentziari iritsiko zaio: 137.000 euroan handituko da Ipar Etxabakoitzen urbanizazio-kuotak ordaintzeko gastua.

Azkenik, 484.730,17 euro bideratuko dira hirigintza-proiektu eta -garapenei loturik ordaindu gabeko zorrak kitatzeko. Alde batetik, proposamenak barne hartzen ditu 379.577,48 euro, Txantrean Salestarren eraikinaren erosketako bigarren ordainketarako, eta, bestetik, 105.152,69 euro, Lezkairun urbanizazio-kuoten ordainketarako, Udalak ordaindu behar baitu, lursail batzuen jabekidea den aldetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!