Hezkuntzak Barne Diseinuko Goi Mailako Irakaskuntza Artistikoak ezarri ditu Iruñean

Euskalerria Irratia 2019ko api. 3a, 08:03

Hezkuntza-eskaintza berria unibertsitate-graduaren baliokidea da, eta 2019/20 ikasturtean hasiko dira ematen.

Hezkuntza Departamentuak Diseinuko Goi Mailako Irakaskuntza Artistikoak ezarriko ditu 2019-2020 ikasturtetik aurrera, unibertsitate-graduaren baliokideak, Barne Diseinuaren espezialitatean; hori dela-eta, Iruñeko eskola “Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola” deituko da.

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak aurkeztu du ekimena, eta departamentuak "kalitatezko hezkuntza publikoa" eskaintzearen alde egindako apustuan kokatzen dela esan du. Halaber, adierazi du eskaintza berria “erabat bat datorrela Nafarroarako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiako Sormen Industrien eta Industria Digitalen arloarekin; modu horretan, aurrera egiteko modurik eraginkorrena da Nafarroako Gobernuak lan koordinatua egitea”. Aurkezteko ekitaldian baita ere parte hartu dute Arte Eskolako zuzendariak, Pedro Sorbetek, eta Diseinu Departamentuko buruak, Luis Miguel Alonsok.

Eskaintza berri hori Corellako Eskolan 2015-2016 ikasturteaz geroztik eskaintzen diren Diseinu Grafikoko Goi Mailako Irakaskuntza Artistikoetako ikasketekin osatzen da. “Eskaintza berriak, Corellakoarekin batuta, -esan du kontseilariak- lurraldea egituratzen laguntzen du, eta, gure ustez, Iruñean aspalditik beharrezkoa zen hezkuntza publikoak erantzun hori ematea”.

Solanak, halaber, eskerrak eman ditu zuzendaritza-taldearen lankidetza eta aurretiko jarrerarengatik, “eskola publikoa onena egiten ahalegindu baita”, eta apustu horri “etorkizun oparoa” iragarri dio.

Bestalde, Pedro Sorbet gustura agertu da zeren azkenean “lehendik zetorren eskaerari erantzuna eman zaio, eta, horretan lanean aritu dira Eskolako irakasle-taldeko eta zuzendaritzako pertsona asko”. Era berean, kontseilariaren beraren konpromiso pertsonala eskertu du posible egiteagatik, eta gogoratu du “bidea zaila izan dela, eskolako zuzendaria ere dimititzera iritsi baita orduko Gobernuak goi-mailako irakaskuntza artistikoak jartzeko emandako ezezkoaren aurrean”.

Zuzendariak honela azpimarratu du: “irakaskuntza artistikoen eskola oso bat nahi dugu, Lanbide Heziketa Berezia, Batxilergo artistikoa, Erdi Maila, Goi Maila eta hemendik aurrera Goi Mailako Irakaskuntzak batuko dituena, eskaintza erakargarria nafarroako ikasleentzat zein Nafarroatik kanpokoentzat”.

Eskaintza berriaren aurkezpenean, Diseinu Departamentuko burua den Luis Miguel Alonsok nabarmendu du “hau egun berezia dela, gogo bizi hori ofizialdu delako. Orobat, eskerrak emateko eguna da, lan-munduarekin harreman estua duen eskolaren prestakuntza osatzeagatik, gero eta zorrotzagoa den merkatuari erantzute aldera”.

Sarrera eta titulazioa

Irakaskuntza berriak 4 urtekoak izango dira, eta guztira 240 ECTS kreditu izango dituzte, aldi berean 33 irakasgaitan zatituak, eta horiek 3 gai-bloketan multzokatuak: Oinarrizko Prestakuntza, Espezialitateko Derrigorrezkoak eta Hautazkoak, Kanpoko Praktikez eta Ikasketa Amaierako Lanaz gain. Goi Mailako Ikasketak direnez, sartzeko baldintza izango da Batxiler titulua edukitzea, 25 urtetik gorakoek unibertsitaterako sarrera-proba gainditzea edo Hezkuntza Departamentuak goi-mailako irakaskuntza artistikoetarako urtero deitzen duen heldutasun-proba gainditzea. Horrez gain, beharrezkoa izango da diseinura sartzeko baita ere Departamentuak deitzen duen proba espezifikoa gainditzea.

Ikasketa horiek amaitzen dituzten ikasleek Diseinuko Goi Titulua eskuratuko dute Barne Diseinuaren espezialitatean, Unibertsitate-gradu baten baliokidea ondorio guztietarako.

Espezialitate berria jada eskuragarri egongo da maiatzean izena emateko irekiko den epean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!