Aurten jarriko du martxan Iruñeko Udalak Emakumeen Etxea

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 25a, 18:26

Udal-teknikariek Lehendakaritza Batzordean azaldu dituzte aurtengo lan-ildo nagusiak.

2019ko programazioan Iruñeko Udaleko Berdintasun Planak Emakumeen Etxea sortu eta abiatzea jasotzen du; etxea parekotasunaren aldeko programak eta ekimenak sustatu eta garatzeko topagunea izango da, baita emakumeen ahalduntzea bultzatzeko tokia ere. Emakumeen Etxea antzinako Pablo Sarasate Kontserbatorioko mendebaldeko hegalean kokatuko da, Agoitz kaleko 9. zenbakian.

Ekimena 2019rako Berdintasun Planean dagoen mugarri nagusietako bat da; eta horren jarduketa-ildo nagusiak Berdintasuneko udal-teknikariek azaldu dituzte Lehendakaritza Batzordean goizean. Horrekin batera: Berdintasuneko Ordenantza behin betiko onestea zein indarrean sartzea eta Eraso sexistarik gabe, Iruña aske estrategian sakontzea, auzo guztietara eramanez eta aisia pribatuko ingurunetako eraso sexisten aurrean prebentzio- zein erantzun-protokoloak abiatuz.

Lau jarduketa-eremu

Iruñeko III Berdintasun Planak esku-hartzeko lau esparru nagusi hartzen ditu barne: gobernantza eta konpromiso politikoa berdintasunarekin; emakumeen ahalduntzea eta balio-aldaketa; zainketa-lanen eta erantzukidetasunaren aitortza, bizitzaren sostengarritasunerako gako gisa; eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza hiri seguru batean.

Gobernantza-esparruan helburu hauek zedarritu dira: lidergoa, erabakiak hartzea eta planaren kudeaketa bermatuko dituzten udal-egiturak finkatzeko beharrezko jarduketak garatzea; eta berdintasunean prestakuntza-ibilbide bat zehaztea. Berdintasuneko Ordenantzaren onespena, Berdintasuneko Batzorde Teknikoa sortzea eta Emakumearen Udal Kontseilu berriaren eraketa ere aurreikusten dira.

Emakumeen Etxea ez ezik, ahalduntzeko eta balio-aldaketarako jarduketek hauek ere hartzen dituzte barne: emakumeen elkarte eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuendako diru-laguntzetarako deialdia; berdintasun-esparruko prestakuntza, Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolan; jardunaldiak, erakusketak eta oroitzapenezko kanpainak. Era berean, aurreikusi denez, jarraipena izango dute Zinemako emakume heroiak zinema-forumak, Rebeldes y Peligrosas ikastaroak, EMATIC zentroak eta zientzian zein teknologia berrietan emakumeak ikustarazteko jarduketek. Azterlanei dagokienez, kultur programazioan emakumeek eta gizonek duten presentzia zein udal-artxiboan dauden artelanak aztertzea aurreikusi dira, horietan zeintzuk diren emakumeenak zehaztuz.

Hirugarren jarduketa-sorta zainketa-lanak eta erantzukidetasuna bizitzaren sostengarritasunerako gako gisa aitortzeko esparruan dago. Horrela, Iruñeko zainketa-lanen azterlana, horiek eta horien ardura dutenak ikustaraztea eta sentsibilizazio- zein prestakuntza-jarduerak aurreikusten dira.

Laugarren jarduketa-eremuak Eraso sexistarik gabe, Iruña aske ekimenean izango du eragina; horretarako, jaietako zein gaueko aisia pribatuko ingurunetako eraso sexisten aurrean prebentzio- zein arta-protokoloa abiatuko dira eta autodefentsa feministarako zein maskulinitate-prestakuntzako ikastaroen edizio berriak martxan jarriko dira. Gainera, hiri-diseinua hobetzeko, besteak beste, segurtasun, etxebizitza eta garraiorako, proposamenak jasoko dira auzoetako jaien batzordeen bidez, berriro puntu kritikoak sortuko ez direla bermatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!