719 ekarpen, Erorien monumentua eraldatzeko lehiaketan hautatutako 7 proposamenen gainean

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 22a, 13:47

Iritzien erdia baino gehiago balorazio positiboak izan dira, eta gainerakoak, arkitektura, memoria historikoa, hirigintza edo erabilera arloen inguruko ideia berriak.

Erorien monumentua eta haren ingurunea eraldatzeko lehiaketan hautatu ziren 7 proposamenei 719 ekarpen eta iruzkin egin zaizkie Kondestablearen jauregian jendaurrean izan diren epean (otsailaren 19tik martxoaren 7ra). Iritzien erdia baino gehiago proiektu ezberdinen gaineko balorazio positiboak izan dira, eta gainerakoek ideia berriak aurkeztu dituzte arkitektura-alderdiez, memoria historikoaz, hirigintzaz edo erabilerez bezainbatean. Guztiak dagokien idazketa-taldeei helaraziko zaizkie laster, eta horiek erabakiko dute egindako iradokizunak aurreproiektuetan txertatzea teknikoki bideragarria den edo ez. Aurreproiektuak egin eta iradokizunak txertatzeko, idazketa-taldeek 25.000 euro jaso dituzte, Iruñeko Udalak nazioarteko lehiaketarako egindako deialdiaren oinarriekin bat, non hobekuntzatzat jotzen baitzen, baita ere, taldeak jasotako proposamenen kopururik handiena txertatzeko gai izatea.

Hauexek izan ziren 7 proposamen finalistak: Pausoz pauso, Borja Gorostiaga Requejo, Nerea Aranbarri Kortabarria eta Aitor Acilu Fernández arkitektoena; Metamorfosia, Jordi Comas Mora eta Anna Pont Armengolena; Memoriaren zuhaitza, Jokine Crespo Garbisu eta Luis Beriáin Sanzolena; Civitas, Oscar Mongay Jiménezena; Denon etxea, José Ramón Sierra Gómez de León eta Práctica Sociedad Civil-ena; Hegoaldeko atea, Tabuenca & Leache + DOA Arquitectura-rena; eta Wu, José Manuel Rodríguez Peña eta Germán J. Delgado Pérezena. Proposamenok Kondestablearen jauregian aurkeztu ziren, ekitaldi publiko batean, otsailaren 19an, eta bertan egon ziren ikusgai martxoaren 7ra arte. 16 egun horietarako sistema bat prestatu zen, herritarrek ekarpenak egiteko aukera eduki zezaten bai aurrez aurre bai Erabaki plataformaren bidez.

Aurrez aurreko 665 ekarpen, eta Erabakiren bidez, 54

Jasotako 719 iruzkinetatik 665 aurrez aurre egin ziren (% 92,49), eta 54, online parte hartzeko Erabaki udal-baliabidearen bidez (% 7,51). Aurrez aurre egindako 665 horietako 383 (% 57,6) proposamenekin bat egiteko eta alderdi positiboak azpimarratzeko iruzkinak izan ziren, 270 ekarpenak ziren (% 40,6), eta 12 iruzkin desegokitzat jo dira (% 1,8). Proposamenez proposamen, Metamorfosia izenekoak sorrarazi ditu iritzi gehien, 247 alegia (guztizkoaren % 34,5), honela banaturik: 140 iruzkinek bat egin dute proposamenarekin, 81ek ekarpenak egin dizkiote, Erabakin 25 iruzkin utzi dira eta iruzkin desegoki bat egin da. Ondoren Hegoaldeko atea dago, 94 iritzi (% 13) jaso dituelarik –62 bat egiteko, 21 ekarpen, iruzkin desegoki bat eta 10 iruzkin Erabakin–; eta atzetik dator Memoriaren zuhaitza, 89 ekarpenekin (% 12): 52 atxikimendu, 32 ekarpen eta 5 iruzkin Erabakin. Gainerako proposamenetan kopuruak honakoak izan dira: Denon etxea, 80 (% 11); Wu, 59 (% 8); eta Civitas, 34 (% 5). Egindako iruzkinetako 75 (% 10,5) ez ziren ezein proiektu zehatzen ingurukoak.

Zazpi proposamenetako seik eraikina mantentzearen alde egiten dute, sinbolizazio berria emanez, eta gizarte- zein kultura-erabileretara bideratzen dute oro har; proiektu batek, ordea, eraikina eraistearen alde egiten du, eta gune txiki bat memoriarako mantentzearen alde. Esanahi berria eman nahi dioten proiektuen artean, zenbait kasuetan gunearen zenbait zati hein batean desegitea ere proposatzen da, alboetako arkupeak edo eraikinetako batzuk, besteak beste. Proiektuetan ere beste zenbait ideia jaso dira, hala nola Askatasun plazako irisgarritasuna hobetzea eskailera-koskak eta ur-gunea desagerraraziz, oinezkoen joan-etorriak erraztu eta aisialdirako gune gisa erabiltzeko, hegoalderanzko lotura berriak sortzea, Serapio Esparza parketik Lezkairu berrira. Halaber, museo edo memoria historikoaren interpretazio-zentro bihurtzea iradokitzen da, udal-zerbitzuen egoitza izatea edo kontzertuak eta bestelako kultur jardueretarako agertoki bilakatzea.

Lehiaketaren barruan sartzen ziren Erorien monumentuaren eraikinaren gaineko jarduketa –Memoria Historikoaren Legeak ezartzen dituen parametroekin bat–, Askatasun plazaren hirigintza-berrantolamendua, Serapio Esparza parkea (monumentuko atzealdea) eta alboko kaleak; libre utzita oraingo eraikina mantendu, eraldatu, kendu edo ordezteko erabakia, betiere eraikinari memoria demokratikoarekin bateragarri diren gizalegezko esanahi berriak emanez. Ezinbestean mantendu behar ziren, hori bai, plaza azpiko lurpeko aparkalekua eta horren sarbideak, bai eta bide-egitura ere, bereziki Iturralde y Suit kalekoa eta Agoitz kalekoa. Hirigintza Gerentziak antolatutako lehiaketara 49 proposamen aurkeztu ziren.

 

Ekarpenak, atxikimenduak, iruzkin desegokiak eta Erabaki

PROIEKTUA

EKARPENAK

ATXIKIMENDUAK

DESEGOKIAK

ERABAKI

GUZTIRA

Pausoz pauso

17

22

0

2

41

Metamorfosia

81

140

1

25

247

Memoriaren zuhaitza

32

52

0

5

89

Civitas

19

11

0

4

34

Denon etxea

13

65

0

2

80

Hegoaldeko atea

21

62

1

10

94

Wu

22

31

1

5

59

Bestelakoak

65

0

9

1

75

GUZTIRA

270

383

12

54

719

 

 

Hautatutako 7 proiektuak eta ekarpenen adibideak

1. Pausoz pauso

  • Hirian garrantzi bereziko hainbat gune lotzen dituen kultur ibilbide batean txertatzen du monumentua proposamen honek. Proposatutako erabilera “Nafarroako kulturari eta sanferminei” eta, era berean, Iruñeko zein Nafarroako XXI. mendeko kulturari eskainitako museoa da. Eraikina horren osotasunean mantentzen du, eta atzeko aldean beste eraikin bat eransten du, absideari atxikita, proposatutako programa bertan gauza dadin. Askatasun plaza eta Serapio Esparza parkeko lorategiak lotzea proposatzen du, alboetako galerietan bide bana erabiliz, horretarako bide publikoko zoruan aldapa sakonduz. Egungo monumentu-plazan herritarren eguneroko erabilpenak txertatzea da proposamena. Bestalde, eraikina zein horren ingurua etenik gabeko prozesuan eraldatzeko ageriko ideia ontzat eman da.

Ekarpenak eta iradokizunak: aintzat hartu behar da arkupeetako pasabidetan egon daitekeen segurtasunik eta garbitasunik eza; begiratoki edo terraza bat falta zaio; ez dira zehazten badagoen eraikinerako erabilerak.

2. Metamorfosia

  • Monumentua horren osotasunean eraistea proposatzen da, bai zin-hitzezko tenplua, bai alboetako arkuteriak zein pabiloiak, baita ere, eraitsitako eraikinaren material batzuez eraikin txiki bat altxatzea, horrela oroitzapen-gune poetikoa sortuz. Zoladuraren mailan egungo monumentuaren kokagunearen traza uztea proposatzen da; eta eremu horretan pergolaren antzeko osagaia sortzea, plazarako laugarren albo arkupeduna iradokiz. Plaza urguneaz zein maileriaz erantzi da. Erabateko hustuketa-jarduketak oinezkoen eremu batua sortzen du Karlos III.etik Monjardín Mendiaren kaleraino, Jesusen Bihotzaren misiolarien aldea ere eraldatzen baita. Eremua garbitu nahian, lurpeko garajeko maldak lekualdatzea proposatzen du, eta Iturralde y Suit kalean birkokatzea. Pergola iragazki sotila da. Eremu publiko osoan aske ibiltzea ahalbidetzen du eta mendebaldeko alboan oroitzapen-gunea hartzen du egungo monumentuan jatorria duen materialez. Proposamen hau, bereziki, monumentu osoa desagerrarazteko jarduketa eredugarritzat hartu da, baita oroitzapen-gune poetikoa sortzeagatik ere.
  • Ekarpenak eta iradokizunak: domoari heltzen dioten zutabeak mantentzea; erabilera publiko handiagoa izateko, eremua estaltzea; eserlekuak izango liratekeen parterreen maldari so egitea; txakurrendako uraskak eta komunak jartzea.

 

3. Memoriaren zuhaitza

  • Erdiko tenpluak eta alboetako galeriek zein pabilioiak osatzen duten eraikin osoa mantentzen du. Osagai guztiak arkuterian solairuartea sortuz lotzen dira. Tenpluko barnealdeak alboko nabeetan izango ditu solairu berriak, erdiguneko hutsune handia errespetatuta. Kulturari eta memoria historikoari eskainitako zentro bat jartzea proposatzen da, eraikin osoan, horren atal guztietan. Alboko arkuterian beste maila bat sortzen da, berreskuratutako eremuan hiri-lokarriak edukitzea zein barnean mugitzea ahalbidetzeko. Egungo ur-gunea, eskailerak eta plataformak kentzen dira. Plazari zein atzeko lorategiari emandako irtenbidea jarraikako malda bat da, eraikina beherantz luzatuz ahalbidetuta, beste oinalde bat sortuz. Kultur gune berrirako sarrera nagusia kriptaren mailan egingo da, hortaz. Egungo Kristo Erregearen parrokia eraikinaren hegoaldera lekualdatzen da, eta hiri-eremua eraldatzen da Joan Paulo II.aren etorbidearen hasieran, Lezkairu eta Askatasun plaza lotzen dituen oinezkoen ibilbide agerikoa sortuz.
  • Ekarpenak eta iradokizunak: eraikina liburutegi, kontzertu-areto edo gizarte-etxe bihurtzea; eliza ez kentzea; erdiko zuhaitza kentzea; hobe, plazak ur-gunea badu, kristalezko domo edo iturri erakargarri bat.

 

4. Civitas

  • Arkuteriak kendu eta alboetako pabilioiak mantentzen dira, horien egungo erabilpenez. Zin-hitzezko tenplua mantentzen da, orain isolatuta. Euskarri dituen maileriak eraldatzen dira, orain tenplua inguratuz, horren jatorrizko neurriak bere horretan utzita. Mailateriak egonleku bihurtzen dira, ardatz-monumentaltasuna desagerraraziz. Monumentuko atzeko aldean, tarte bat utzita, beste eraikin bat proposatzen da. Eraikina mantentzea proposatzen da, hausnarketa-gune izateko, eta memoria historikorako gune batean sartzeko gelaurre. Egungo ur-gunea, eskailerak eta plataformak kentzen dira; eta, horrela, erdiko pabilioiaren isolamenduarekin batera, plazak eta hegoaldeko lorategiak ia gune bakarra osatzen dute, horien arteko egungo banaketari naturaltasunez irtenbidea emanda. Lezkairuranzko oinezkoen ibilbideak indartzen dira, hegoaldean eremu publiko bihurtzeko berrurbanizatu beharreko gune batzuez.
  • Ekarpenak eta iradokizunak: arkuteria, eliza eta ikastetxea mantentzea.

 

5. Denon etxea

  • Proposamen honek monumentuaren erdiko gunea mantentzen du, baita arkuteriak ere, eta alboetako pabiloiak eraikin berri batez ordezten ditu. Osagai guztiak arkuterian solairuartea sortuz lotzen dira. Eraikinean erakunde publikoren bat sartzea, zehazki udal-egoitza bat, monumentuari beste esanahi bat emateko eratzat jotzen da. Gainera, plazan jarduera publikoak egotea bermatzeko erantsitako erabilpen berriak, funtsean, alboetako pabilioiak ordezkatu diren gunean kokatzen dira. Askatasun plaza eta Serapio Esparza parkeko lorategiak eremu publikoko maldak leunki moldatuz lotzen dira, ibilbideak jarraian egotea ahalbidetuz.
  • Ekarpenak eta iradokizunak: altuera arkuteria kendu gabe igotzea edo gune estali bat eranstea.

 

6. Hegoaldeko atea.

  • Proposamen honek eraikina mantentzearen alde egiten du. Eraikinaren ondare-balioa justifikatzen du, eta proposatutako eraldaketa eraikinari aitortzen dizkion balioekin bat dator. Epaimahaiak azpimarratu nahi izan du proposamen honek baduela indargune bat: oso didaktikoa da eraikina bere horretan (arkuteriak eta alboetako eraikinak barne) mantentzeak dakarrena ikusteko. Erabilerei dagokienez, proposamenak bat proposatu du (museoa) baina bestelakorik baztertu gabe; izan ere, horren inguruko azken erabakia beste une batean har daitekeela uste da. Edonola ere, aisialdirako behin-behineko programa alternatibo bat proposatzen du (jatetxea, liburu-dena, kafetegia), zeinaren bidez lekua erakargarriago egingo baita; aitzitik, proposamenaren zati hau ez da garrantzitsuentzat jo. Hegoaldearekiko lotura ebazten du, galerien azpiko pasabide baten bidez. Hori lortzeko, betiere plazatik eraikinaren proportzioak desitxuratu gabe, eraikinaren aurretik egongo den arkupe bat sortzea planteatzen da, eta horrek plaza arkupetuaren ideia luzatuko du, horren hegoaldera ere bai. Plaza berrantolatzen da, espazio publikoari garrantzia eman eta etengabeko tratamendua emanez; gunea oinezkoendako bihurtzea proposatzen da, osorik, alboetako ibilgailuendako bideak zein erdiko ur-gunea. Gune publikoa hegoaldera zabaltzen da, Monjardín Mendiaren kaleko biribilguneraino, eta Agoitz kalearen birmodelazioa iradokiz.
  • Ekarpenak eta iradokizunak: galeriak eranstea arkuterien azpian, eta goiko terraza bat; iturria mantentzea edo gune estali bat sortzea.

 

7. Wu

  • Arku-multzoak eta alboetako eraikinak kentzen dira, eta zin-hitzezko tenplua litzateke monumentu-gune horretatik geratuko litzatekeen elementu bakarra. Tenpluaren mendebaldean eraikin berri bat proposatzen da, bi bolumenen arteko kontraste erakargarria lortzeko, hala geometriaz nola testuraz eta lerrokadurez bezainbatean. Bi eraikin horien antolamenduak espazio publikoaren ihesbide argia sortzen du hegoalderantz plazaren albo batetik, eta lotura errazagoa eratzen du Lezkairurako, sortu den asimetria hori espazio publiko berri horren bereizgarri bihurturik. Oraingo tenplua liburutegia izango da, hegalak hainbat solairuz okupatuko dira, eta erdiko hutsune handia libre mantenduko. Eraikin berriak gatazkak bideratzeko zentro bat hartuko du. Bi erabilera horiek, bigarrenaren balizko definiziorik eza gorabehera, oso egokitzat jo dira, betiere lehiaketaren oinarrietan emandako irizpideekin bat. Plazako guneari goranzko trataera emango zaio, zin-hitzezko tenplurantz, eta hortik beherantz joango da, emeki, hegoaldera.
  • Ekarpenak eta iradokizunak: domorako zaldaina sortzea edo hiriko eremuen artean proposatutako loturak hobetzea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!