Iruñean dauden 200 bideo-kamerak, ikustaldi bakarrean

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 25a, 13:59

Iruñeko Udaltzaingoak pantaila anitzeko sistema –bideo-horma– berria estreinatu du, 7 metro koadro, non hirian instalatutako 200 kamera baino gehiago zuzenean jarraitu ahal baitituzte. 

Hiru lerro eta hiru zutabetan kokatutako 9 monitore dira, Ekintzen Koordinazio Zentroan daude, eta aurreko teknologia, jada zaharkituta, ordezten dute.

Sistema ezagutzeko, Lehendakaritza Batzordeko kideek gaur goizean bisitatu dute instalazioa, non Udalak, guztira, 127.865 euro inbertitu baititu. Bideo-horma berriak hiriko kameretako streaming-IP seinaleak deskodetu eta monitorizatuko ditu, baita kontrol-guneko ordenagailuen aldi bereko konexioa ere. Ekintzen Koordinazio Zentroan lan egiten duten udaltzainek prestakuntza jaso dute sistema berriaren inguruan aurreko asteetan.

Pantaila anitz horien bidez, udaltzainek zuzenean kudeatu ahal dute zirkulazioa trinkoen den orduetan, eta ikastetxeetako inguruak zaindu, elur-egunetan zirkulazioan dauden gorabeherei jarraipena egin edo ibaiak hazita datozenean haien egoera ikusi. Era berean, ibilgailuen zirkulazioari eragin ahal dioten jarduerei ere jarraipena egiten zaie, adibidez, manifestazioetan eta kirol-ekitaldietan; eta jendeak joan-etorri gehien egiten dituen lekuak ikusten dira. Lapurreta bat gertatzen denean edo delitu bat salatzen denean, udaltzainek dagozkien zonaldeak ere begiratzen dituzte bideo-horman.

2018an Udaltzaingoaren Ekintzen Koordinazio Zentroak 120.307 dei jaso zituen 092 telefonoaren bidez, batez beste 330 dei egunean. Horietako asko, 63.710, zentroko poliziek erantzun ahal izan zituzten kontsultak izan ziren. Bestetan, esku-hartzeko bide eman zuten, guztira 26.681 kasutan, 2018an. Sarrienetako batzuk elkarbizitza-arazoei lotutakoak dira, udaltzainen esku-hartzea eskatzen dutenak, eta guztira 4.254 izan zirenak. Horietako gehienen zioak liskarrak eta eztabaidak izan ziren (1.292), ondoren ganberrismoa (961) eta establezimenduetako bezeroekiko arazoak (860).

092 Iruñeko herritarrendako erreferentziako telefono gisa finkatu da. Gainera, grabazio gehiago eskatu dituzte, bai Udaltzaingoko unitateek, bai beste polizia batzuek (Foruzaingoa, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala) eta epaitegiak. Guztira, 1.765 eskaerari eman zaie erantzuna.

Bideo-hormak 3,04 metroko zabalera eta 2,28 metroko garaiera du. Sistema berriak DLP teknologia du oinarri, LED argiztapena atzealdean, eta bere proiekzio-unitate bakoitzak 100.000 ordu eta gehiagoko iraupen erabilgarria du, egunean 24 orduz eta astean 7 egunez jardunean. Horrela, ekipamendu berrien malgutasun handiagoa izateaz gain, irudi argiagoak ematen ditu, eta elektrizitate-kontsumoak dakarren kostua ahalik eta txikien izatea ahalbidetzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!