Erorien monumenturako zazpi proposamenak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 20a, 15:43

Matxoaren 7ra arte bisita daiteke Kondestable jauregian proposamenak biltzen dituen 'Izan zen, da eta zer izanen da?' erakusketa. Hiritarrek ekarpenak egiteko aukera dute.

Erorien monumentuarekin zer eginen den ezjakina da oraindik. Zalantza zenbait argitu ditu, baina,Iruñeko Udalak. Atzo aurkeztu zituen udalak aukeratu dituzten zazpi proiektuak Kondestable jauregian. Martxoaren 7ra arte zabalik izanen da proiektuak biltzen dituen 'Izan zen, da eta zer izanen da?' erakusketa. Ekarpenak egin daitezke Kondestable jauregian edo erabaki webgunean.

Martxoaren 8tik apirilaren 21era herritarrengandik jasotako ekarpenak aztertuko dituzte, eta aurreproiektuak epaimahaiari aurkeztuko zaizkio maiatzaren 5erako.

Hauek dira aukeratu dituzten 7 proiektuak:

1. Pausoz pauso

Borja Gorostiaga Requejo, Nerea Aranbarri Kortabarria eta Aitor Acilu Fernandez dira proiektuaren egileak. Eraikina mantentzea proposatzen dute, bertan 'Nafarroako kultura eta Sanferminak' batuko dituen museoa egiteko.

2. Metamorfosia

Momunentua eraistea proposatzen duen proiektu bakarra da. Jordi Comas Mora eta Anna Pont Armengol dira egileak. Eraitsitako eraikineko materialekin eraikin txikiago bat sortzea proposatzen dute, "oroitzamenerako gune poetikoa sortuz".

3. Memoriaren zuhaitza

Eraikina mantendu, eta kulturari eta memoriari eskainitako zentro bilakatzea biltzen du proiektuak. Egun kripta dagoen tokian eraikinaren altuera hartuko duen zuhaitz bat ezartzea proposatzen dute Jokine Crespo Garbisu eta Luis Beriain Sanzol egileek.

4. Civitas

Eraikina mantendu, baina arkuteria kentzea biltzen du Oscar Mongay Jimenezen proiektuak. Eraikina hausnarketarako mantentzea proposatzen da, eta memoria historikoari buruzko zentro baten gelaurrea izatea.

5. Denon etxea

Monumentuaren gune zentrala eta arkuteria mantentzea dakar proiketu honek, alboetan bi eraikin berri sortuz. Eraikinean udal erakunderen bat hartzea proposatzen da, monumentuari beste esanahi bat emateko. Jose Ramon Gomez de Leon eta Practica Sociedad Civil dira egileak.

6. Hegoaldeko atea

Eraina mantententzea proposatzen da. Epaimahaiak azpimarratu du proiektuak "oso didaktikoa" dela. Eraikina museo gisa erabiltzea proposatzen dute Tabuenca & Leache + DOA Arquitectura egileek, baina erabaki hori aurrerago ere hartu daitekeela uste dute.

7. Wu

Arkuteria eta alboetako eraikinak eraistea proposatzen da, erdiko gunea soilik mantenduz. Mendebaldean eraikin berria proposatzen da, bien arteko kontraste bisuala sortuz. Egungo tenplua liburutegi bihurtzea nahiko lukete Jose Manuel Rodriguez Peña, German J. Delgado Perez eta Ingenieria y Arquitectura Techne Proyectos S.L.P egileek. Eraikin berria, berriz, gatazkak konpontzeko gunea izatea proposatzen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!