Julio Soto eta Maialen Lujanbiok ‘Artzaina’ erakusketaren aurkezpena eginen dute

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 6a, 16:59

Gaur asteazkenean, 18.30ean Ingurumen Hezkuntzako Museoan izanen da saioa eta sarrera librea da.

‘Artzaina: tradizioari lotutako bizitza’ erakusketa aurkeztuko dute bertsotan Irruñeko Udalak San Pedron duen Ingurumen Hezkuntzako zentroan.  Atzo zabaldu zuten erakusketan Iñaki Vergararen argazkiak eta Ion Orzaizen testuak ikus daitezke.

Erakusketa ikusgai egonen da martxoaren 29ra arte, asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etik 20:00etara, ostiral arratsaldeetan izan ezik

Argazkilaritza-lan etnografiko honen bidez, Iñaki Vergarak eta Ion Orzaizek gure mendi eta haranetan desagertzen ari den bizimodu bat ezagutarazi nahi dute: artzainarena, tradizionalki ulertu den moduan, hots, bizimodua mendian, gogortasun eta arrisku guztiak barne. Gure lurrari loturiko eta tradizioari errotutako bizimodua ekarri nahi da gogora, ogibide gogor hori ahanzten ari den honetan. Lan horren bidez artzaintza tradizionalak oroimenean bizi-bizi jarrai dezan lortu nahi da.

Erakusketaren gaia bat dator Jasangarritasun Eskolak neguko denboraldi honetan lantzen duenarekin, Lurraren tradizioak, Lurra sentitzeko eta maitatzeko modu bat izenburupean. Horren abiapuntua ideia hauxe da: gaur egun, neguaren etorrera etxean egotearekin lotzen da, suaren beroarekin eta gaztaina erreen zaporearekin; biztanle gehienak, baina, lurraren usadio eta tradizioetatik urruti dauden erritmo eta bizimoduekin bat bizi dira hiri-guneetan. Are, landa-eremuetan ere aldatu dira bizimoduak eta lurrarekiko harremanak. Horrexegatik, jarduera-ziklo berri honen bidez aukera eman nahi da bizimodu tradizionaletara hurbildu eta Lurrarekin konektatzeko, hartara ulertzeko zein garrantzitsua den bizitoki dugun lekua ezagutzea, ezagupen zientifiko eta teorikoez harago.

Txapel ugariko bertsolariak

Julio Soto (Gorriti, 1987) Nafarroako Bertsolari Txapelketako egungo txapelduna da. Euskal filologian lizentziaduna da, eta Iruñeko bertso-eskolan trebatu zen bertsolaritzan. Nafarroako eskolen arteko txapelketa irabazi zuen 2003, 2004 eta 2005ean. 2006az geroztik, Nafarroako Txapelketako final guztietara iritsi da. Nafarroako Bertsolari Txapelketa lautan eskuratu du, 2010, 2011,2015 eta 2017an. Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu du 2009, 2013 eta 2017an.

Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976) Arte Ederretan lizentziaduna da, eta bertsolari izateaz gain, euskal letren munduan egiten du lan. 15 urterekin hasi zen bertsotan ikastolako bertso-eskolan, eta 2003. urtean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Seitan lortu du Txapelketa Nagusiko azken saiorako sailkatzea: 1997an, 2001ean (txapeldunorde izan zen), 2005ean, 2009an (Txapelketa Nagusia irabazten zuen lehen emakumea izan zen), 2013an (txapeldunorde) eta 2017an (txapeldun). Iritzi-artikuluak idazten ditu prentsarako, eta hainbat euskal musika-talderen letrak idatzi ditu, hala nola Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Anje Duhalde, Mikel Errazkin eta Mikel Markez. 2006an Judith Montero saxofoi-jotzailearekin batera abiatu zuen Ornitorrinkus ekimena, zeinak bertsolaritza eta musika esperimentala uztartzen baititu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!