Euskalerria Irratiko Saioa Alkaizarentzat, genero berdintasunaren kazetaritza saria

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 27a, 13:17

Euskalerria Irratiko Sanfermintza saioan Lohitzune Zuloaga soziologoari jaietan izaten diren sexu erasoen inguruan egindako elkarrizketa batengatik egin diote aitortza kazetariari. Berria egunkariak ere lortu du saria sanferminetan egindako hamalau erreportaje eta kronikengatik. 

Sanfermintza saioan egindako elkarrizketa batek eman dio Saioa Alkaiza kazetariari. Lehen aldiz banatu ditu sari horiek Iruñeko udaleko berdintasun sailak. Lohitzune Zuloaga soziologoari sanferminetan egindako elkarrizketak lortu du saria. Sanferminetan izaten diren sexu erasoen inguruan aritu zen Zuloaga eta konparazioa egin zuen beste hirietan gertatzen direnekin, erakusteko, Iruñeko festa handietan ez direla gehiago izaten. Eraso sexistak nondik sortzen diren, kontestua, Iruñeak erabilitako estrategia horiek ekiditeko, komunikabideon rola eta gizarte eragileen lana elkarrekin aritzeko. Gai horiek izan zituzten hizpide. Alkaiza bera pozik azaldu da sariarekin: "Jaietan izaten diren sexu erasoen inguruan sortu diren usteak albo batera utzi eta sanferminetan eta beste festa handietan izaten diren sexu eraso salaketen inguruan aritu ginen Zuloagarekin. Gezurtatu zuen berak sexu eraso gehiago izatea Iruñean beste festa batzuetan baino eta datuekin gezurtatu zuen hori", adierazi du. Kontent azaldu da aitortza bat delako: "Ez da nire saria bakarrik, Euskalerria Irratiko lantaldearen saria da. Sanfermintza saioa elkarrekin prestatzen dugu eta hortaz, guztiona da aitortza hau", esan du. 

Berria egunkariari ere egin diote aitortza sariketa honetan. Sanferminen testuinguruan egindako hamalau lanengatik jaso du. Berdintasuna eta genero ikuspegia modu transbertsalean lantzen da Berria egunkarian Ane Eslabak esan duenez, eta hortaz, saria horren aitortza ere badela uste du.

Lehen aldiz eman du Kazetaritza Praktika Onen saria Udaleko Berdintasun alorrak eta hain zuzen ere komunikabideek gaia egoki jorratzearen garrantzia islatu nahi izan dutela esan du Zaloa Basabe Berdintasunerako teknikariak.

Alkaiza eta Berria egunkariaren sariez gain, Diario de Noticiaseko Luis Aristuk, La Vanguardiako Jokin Lekunberrik eta Al Jazeera-ko Karl Penhaul kazetariek ere eskuratu dute saria. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!