Salestarren obrak urte bukaerarako amaituko dira

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 21a, 15:08

Txantreak eraberritutako kultur gunea eta auzo-unitate berria izango ditu

Salestarren eraikineko obrak jada azken txanpan daude, eta Txantrea hornituko dute auzokideendako eraberritutako kultura- eta gizarte-topaguneaz –María Auxiliadora ikastetxe ohiaren ekitaldi-aretoaren inguruan egituratuta– zein herritarrei-gizarte arreta emateko gune hobeaz–. Goizean Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek aipatu eraikina bisitatu dute; izan ere,Iruñeko Udalak milioi bat euro baino gehiago inbertitu du horren egokitzapen-lanetan, auzorako zuzkidura berri bat erdieste aldera, eta horrez gain, beste milioi bat bideratu zuen eraikina eskuratzera (2017ko abenduan itxita). Udalaren asmoa da Salestarrenean parte-hartze handia egotea, gunearen kudeaketaz bezainbatean.

Obra nagusiak eraikinaren irisgarritasuna, lehen solairuko gelak eta horren ekitaldi-aretoa –birgaitua ere– egokitzeko dira, horrela eraikinak auzokideendako erabilpenak eta gizarte- zein kultura-eskaintza egonkorra eduki ditzan. Eraikinak eskailera-atal asko ditu, are kanpoan, baita irisgarritasunari buruzko araudia betetzen ez zuten arrapalak ere; horregatik, sarbideak egokitzea lehentasunezkoa zen. Bisitan teknikariek egunotan egingo dena azaldu diete zinegotziei: ur-, gas-, elektrizitate- eta aireztatze-hargune berriak instalatuko dira, eta ondoren pvc-zorua eta moketak osatuko dira.

Gainera, laster, egitura berrian igogailua paratuko da eraikin osoa irisgarri bilakatzeko, eta, halaber, beheko solairuan ezinduendako komuna eraikiko da. Horrela, urtea amaitu aurretik, Salestarren eraikina –orain nagusiki erabili gabe– osorik berreskuratzeko itxaropena dago, auzoak erabil dezan.

Auzoarendako topaleku zein aisia-gunea

Obren lehen atalean ekitaldi-aretoaren eraberritzeari eta irisgarritasunari heldu zaie, beharrezkoa izan den 613.206 euroko inbertsioaz. Jatorrizko eraikinak, María Auxiliadora ikastetxeak, ekitaldi-areto handi bat zuen, eta bertan kutxa eszeniko bat zein zerbitzu-guneak, ezaugarri onekoak, bai teknikoak, bai tokiei eta soinuari dagokienez. Esku-hartzeak eremuari funtzionaltasuna ematea eta haren zerbitzuak hobetzea ditu helburu, auzokideendako gizarte- zein kultura-jardueretarako topaleku gisa erabiltzeko, eta auzokideek eta Udalak elkarrekin programatutako kultur eskaintza berariazkorako "edukiontzia" izateko, jada lantzen ari den kogestio-sistemaren bidez.

Hori guztia erdiesteko egindako lanetan hiru jarduketa nagusi daude. Lehena ekitaldi-aretoa suteei buruz indarrean den araudira egokitzea da. Bigarrenean urbanizazio- zein barne-jarduketak daude, beharrezkoak baitira irisgarritasun-araudia betetzeko Iruñerria kaletik barna egingo den sarbide nagusitan. Eta hirugarrena igogailu berria paratzea da, horrela ekitaldi-aretora sarrera nagusitik sartu ahal izateko.

Egun zuloa eta egitura burutu dira, eta aste honetan iritsiko omen den igogailua jartzekoa da. Igogailua ontziratze bikoitzeko eta 180 graduko kabina izango da, bide emango duena barne-atariaren eta ekitaldi-aretoaren aurreko atartearen arteko mailak gainditzeko. Horrela, igogailuak irisgarritasuna bermatuko du, ekitaldi-aretorako ez ezik, eraikinaren lehen solairuko lokal eta gela guztietarako. Halaber, obrek agertokiaren inguruan bi aldagela berri eta komun txiki bat gehitzeko balio izango dute, baita behean ezinduendako komun berri bat eraikitzeko ere.

Aretoaren soinu-ezaugarriak ere hobetuko ditu esku-hartzeak, hor zeuden estaldurak orain araudia bete eta soinu-erosotasuna ere ekarriko dutenez ordeztuz. Egun zurezko 3 metroko arrastelak jada kokatuta daude, eta horren gainean moketa paratuko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!